http://www.youtube.com/watch?v=04xb941C8yE
Atzo erre zen Gesalaga enpresa eraikin bila dabil Zarautzen, bere jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Jakinarazi dutenez, 70 bat langile ditu janari prestatuen enpresak, eta leherketa dela-eta, lanik gabe geratu dira; izan ere, enpresa guztiz hondatu da. Ildo horretatik, Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik Udalak «laguntza osoa» eskainiko diola adierazi du. Hala, egoera aztertu eta erakundeak nola lagun dezakeen erabakitzeko bilkura egin dute gaur goizean udal ordezkariek.
Peritoak ere goizean bisitatu dute «erabat kiskali» den enpresa, gertatutako argitzeko eta kalteak neurtze aldera. Jakinarazi dutenez, «seguraski» gas pilaketa baten ondorioz lehertu zen eraikina. Ildo horretatik, Gesalaga enpresa osoa lekuz aldatu beharko da, lanean jarraitu ahal izateko. Gainontzeko enpresa kaltetuak, berriz, lanean jarraitzeko moduan daudela adierazi dute.
Arratsaldeko zortziak aldean leherketa bat izan zen atzo Abendaño industriagunean, Gesalaga enpresan. Ondorioz, horma bat jauzi zen auto batzuen gainera. Janari prestatuen enpresaren goiko aldeak hartzeaz gain, ondoko beste hiru enpresa hartu zuten suak: altzari rustikoen enpresa bat, altzari gordailu bat eta Ostadar enpresa. Hori guztia Ertzaintzak jakinarazi zuenez. Izan ere, ezbeharra gertatu den lekutik 500 metrora itxi egin zuten pasabidea.
Zarauzko eta Zumaiako suhiltzaileak ari dira sua itzalten, eta Donostiakoak ere jakinaren gainean daudela adierazi dio ertzain batek Urola Kostako Hitza-ri. Suhiltzaileek gas natural hornidura ixteko eskatu zuten, beste leherketarik gerta ez zedin.
Dozenaka zarauztar gerturatu zen gertatutakoa bertatik bertara ikustera; industriagunean enpresaren bat dutenak nahiz kuriosoak.