Iraurgi Cup txapelketaren bigarren jardunaldia jokatzen ari dira

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 18a

Atzo jokatu ziren Iraurgi Cup txapelketaren aurreneko partidak. Sekulako giroa sortzen ari da Azkoitiko San Joango futbol zelaian eta Azpeitiko Garmendipen. Gaur goizean ere ehundaka ikusle gerturatu da bi zelaietara eta, eguraldi ona lagun, beste hainbeste elkartzea espero da arratsaldean ere. 16:30etik 19:00ak bitartean jokatuko dira partidak. Ondoren, lagunarteko afaria egingo dute antolatzaileek eta klubetako arduradunek.Amaierako fasea bihar jokatuko dute. 10:00etan hasiko dira final laurdenak; ondoren, finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta 12:30ean izango da final handia, Azpeitiko Garmendipeko belar naturaleko zelaian. Bertan banatuko dituzte sariak, 13:00ak eta 13:30ak bitartean. Alebin mutilen txapelketan hogei talde ari dira parte hartzen: Bartzelona, Valencia, Sevilla, Espanyol, Athletic Club, Real Sociedad, Osasuna, Santander, Valladolid, Alaves, Eibar, Lagun Onak, Anaitasuna, Antiguoko, Arnedo, Ariznabarra, La Calzada, Berceo, Quintana de la Serena eta Iraurgi Ikastetxea, hain zuzen. Jokalariez eta talde teknikoez gain, futbolarien senide ugari etorri da Azpeitia eta Azkoitira asteburuan, 1.000 lagunetik gora, antolatzaileen aurreikuspenen arabera.

Animatzeko eta jarraitzeko

Txapelketa jarraitzeko modurik onena zelaietara gerturatzea da; sarrera doan izango da, gainera, partida guztietan. Dena den, www.iraurgicup.com webgunean edo haien Facebook orrialdean ere irakur daitezke txapelketaren emaitzak eta albisteak. Txapelketak iraun bitartean lehen mailako taldeetako elastikoak zozkatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Iraurgi Cup elkarteak, bestetik, txapelketako elastikoak jarri ditu salgai, 10 euroan, eta txapelak 5 euroan, kiroldegian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide