Zestoan Merkatarien Elkarteak eta Nafarroako Rural Kutxak herriko dendetan erosketak egiteko Zestoan txartela jarri dute martxan, Zestoako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntzarekin.
Txartel horrekin ordaindu ahal izango dira erosketak eta puntuak batzen joango zaizkie bezeroei, opariak eskuratu eta hilero egingo diren kanpainetan parte hartzeko eskubidea emanez.
Herritarren joera erosketak kanpoan egitekoa zela ikusirik, duela lau urte hasi zen lanean Zestoan merkatari elkartea eta ordutik hainbat pauso eman dituzte, Udalaren laguntzarekin, herriko komertzioa sustatzeko eta herria bizirik mantentzeko. Aparkalekuak ipini zituzten lehenik, e-postaz promozioak egiten ere hasiak dira eta orain txartela atera dute. “Gainontzeko herrietan ere txartelak funtzionatzen zuela ikusita, ezinbestekoa ikusten genuen Zestoan ere martxan jartzea sistema hori”, adierazi du elkarteko lehendakari Santi Ugartek. “Herri handi eta hirietan ohikoa da, baina, lehen aldia da herri txiki batean ezartzen dela, bi urte kostatu zaigu herrira ekartzea”.
Txartela lortzeko nahikoa da edozein dendetan eskatzea. Doakoa da eta eskatzearekin bat %5eko deskonturako txekea emango zaio bezeroari. Ekaina osoan zehar, gainera, Zestoan Txartelarekin egindako erosketa guztiek izango dute %5eko deskontua. Gasolindegian %2ko deskontua aplikatuko zaie txartelarekin egindako erosketei. Deskontuez gain, promozio desberdinetan eta zozketetan parte hartzeko aukera emango die txartelak herritarrei, inoiz ere ordaindu beharrik izan gabe.
Norberak hautatutako bankuan helbidera daitezke erosketak eta ordainketak hiru hilabetez atzeratzeko aukera ere ematen du. Kobroak erosketak egin eta hurrengo hilaren hasieran egingo dira.
“Herritarrek kanpoan erosten dituzten gauza asko herrian bertan ere eros daitezkeela” diote merkatari elkartekoek, “eta urte hauetan lortu dugu jendea horretaz konturatzea”. Urte hauetan lortutako gauzen balorazio ona egiten du elkarteak, “krisia pare-parean egokitu zaigu baina, badakigu elkarterik gabe okerrago geundekela”, esan du Ugartek.