Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Blanca eta Maribel Bruño ahizpei, ETAri zerga iraultzailea ordaintzeagatik. Orioko ahizpek 2003 eta 2006 urte bitartean ETAri 6.000 euro eman izanagatik zigortu ditu auzitegiak. Gisa horretako lehen zigorra da.
Horrez gain, epaileak hiru urte eta sei hilabeteko erabateko inhabilitazioa ezarri die auzipetuei. Zigorra urtebete eta hiru hilabetekoa izanik, ez dituzte kartzelaratuko enpresariak. Izan ere, epaia ebazterakoan bi ahizpek «gainditu ezineko beldurra» zutela auzitegiak balioetsi du.
Jose Ricardo de Prada Solaesa magistratuak boto partikularra eman du, Bruño ahizpen absoluzioaren alde. Haren ustez, ez dago «estortsio eskutitzak» jaso zituztela baieztatzen duen frogarik, ezta ordainketak egin zituztenik ere.
Epaiaren aurrean, Bruño ahizpen abokatuak, Jesus Emilio Soravillak adierazi du oraindik ez dutela erabaki helegitea aurkeztuko duten ala ez. Halaber, sententziaren balorazioa datozen egunetan egin dezaketela aurreratu du abokatuak, baina enpresariek «ziurrenik zuhurtziaz» jokatuko dutela nabarmendu du.
Alderdien gaitzespena
Epaiak gaitzespen erreakzioak sortu ditu. Orioko EAJk gaitzetsi egin du epaia, eta elkartasuna adierazi die ahizpei. Noemi Ostolaza jeltzaleak adierazi du enpresariek «zigor bikoitza» jaso dutela: «Urteetan ETAren mehatxuak jaso dituzte, eta orain, berriz, estatuak zigortu ditu». Urola Kostako Hitza beste alderdietako Orioko ordezkariekin jarri da harremanetan, baina ez dute adierazpen publikorik egin nahi izan, horretarako bildu eta hausnartu egin behar dutela argudiatuz.
Orioko EAJk ez ezik, legebiltzarkide abertzaleek ere gaitzetsi egin dute sententzia. Joseba Egibar GBBeko presidenteak epaia «ankerkeria» dela salatu du: «Hau ez da bidegabea bakarrik, krudela ere bada». Juanjo Agirrezabalaga EAko legelbirtzakideak ez dela bidezkoa dela esan du, eta sententzia baliogabetua dezatela eskatu du. Aintzane Ezenarro Aralarko kideak, bere aldetik, elkartasuna adierazi dio familiari.
«Biktimak izan gara»
Joan zen otsailaren 2an igaro ziren Bruño ahizpak epailearen aurretik. «30 urte mehatxatuta» pasa ondoren, «ETAren biktimak» izan direla azaldu zuen orduan Blanca Rosa Bruñok auzitegian. Gainera, pasatzen ari direna «sinestezina» egiten ari zaiela eta «injustua eta umiliagarria dela» ere salatu zuen.
Usurbilgo Andres Bruño e Hijos S.L enpresako bi arduradunei ETAri borondatez 6.000 euro ordaindu izana leporatu zieten. Vicente Gonzalez Mota fiskalak bost urteko kartzela zigorra eta 27.000 euroko isuna eskatu zuen.
Guardia Zibilak 2008ko ekainean atxilotu zituen Bruño ahizpak, eta borondatez ETAri 6.000 euro ordaindu izana leporatu zien. Baltasar Garzonek zuzendu zuen operazioa Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zenean , eta hark azaldu zuenez, ETAko kide batzuei atzemandako eskutitz batean agertzen da Bruño ahizpen izena, eta ETAk «eskerrak» ematen dizkie egindako diru ekarpenagatik.
Ondorioz, Gonzalez Mota fiskalak dio Bruño ahizpek borondatez ordaindu ziotela diru kopuru hori erakunde armatuari. «Bruño ahizpek 2003ean ETAren gutun bat jaso zuten 12.000 euro eskatuz, eta hauek talde armatuari gutun bat bidali zioten kantitatea gutxitzeko eskatuz». ETAk proposamena onartu eta 6.000 euro ordaindu zituztela adierazi zuen fiskalak. Bruño ahizpek hori egin izana ukatu zuten epailearen aurrean, eta estortsioa pairatu zutela salatu. «30 urte mehatxatuta egon gara, eta eskatzen zigutena eman badiegu, ez da borondatez izan. Nolanahi ere, biktimak izan gara», adierazi zuen Blanca Bruñok epailearen aurrean otsailean. «Gogorra da bizitzea tokatu zaiguna. Estortsioa egin digute, eta kartzelara sartu gaituzte, gainera». Epaiketan azaldu zutenez, Bruño ahizpek 1980an jaso zuten ETAren lehen gutuna, eta 2003 eta 2006an azkenak, baina ETAren eskertza gutunik sekula ez dutela jaso adierazi zuten.