«Gauero burdinazko bobinaz kargaturik igarotzen den trenak ezinegona sortu du Mitxelena auzoan», salatu du auzo elkarteko kide Unai Lazkanok. Trena auzotik igarotzean bibrazioak eta soinua sortzen ditu, eta, ondorioz, auzokideak kexu dira. «Zarautz erditik Oriorantz doala, bidean dagoen malda igo ahal izateko izugarrizko abiadura hartzen du trenak. Neurrigabeko abiada eta daraman zama medio, etxebizitzak gogor mugiarazi eta zarata jasangaitza sortzen du». Horrek, etxeetan etenak, pitzadurak eta beste hainbat kalte eragiten ditu, bizilagun askori loa eragozteaz gain. Izan ere, kargadun trena egunero 00:38ak aldera pasatzen da, bizilagun gehienak lo daudenean, hain zuzen ere.
Arazoari irtenbidea emate aldera, auzotarrek egoera salatzeko sinadurak bildu dituzte. Dagoeneko 600 sinadura baino gehiago lortu dituzte, eta berrogei bat kexu pertsonal. Horiek guztiak udal berriari helaraziko dizkiote, hark arazoari irtenbideren bat eman diezaion. «Auzo elkartearen aburuz, Zarauzko Udalak hartu beharko luke arazo honi konponbidea aurkitzeko ardura, herritar multzo handi baten arazoa baita. Honetarako, bildutako sinadura eta kexa guztiak haren esku jarriko ditugu».
Antza denez, enpresa pribatu bateko bobinak garraiatzen dituzte Zumarragatik Lasarte-Oriaraino, gauero. Ildo horretatik, udalak «ezer gutxi» egin dezakeela diote, «baina Eusko Jaurlaritzara eta dagokienei bidera diezaiekete sinadurak eta kexak». Halaber, Udalak ez badu esku hartzen, auzo elkarteko kideak «edonora joateko prest» daudela jakinarazi dute.
Arazoa, 1999tik
Ez da oraingo kontua, ordea. Mitxelenako auzotarrek urteak daramatzate egoera hori salatzen. «Arazo hau aspalditik dator», adierazi du Lazkanok. 1999. urtean eman zioten auzokideek Zarauzko Udalari arazoaren berri.
Euskotreneko arduradunekin ere bildu ziren, eta hainbat irtenbide eman zien garraio enpresak. Batetik, zarata gutxiago atera zezan, gasoliozko lokomotorak beharrean, elektrikoak erabiliko zituztela adierazi zieten. Bestetik, lokomotora bakarrak hainbesteko pisua mugitzeko nahiko indar ez zuenez, bi jarriko zituztela.
Bestalde, aurreko baldintzak beteko ez balira, zama erdia eramanda bobinak bi bidaiatan garraiatzeko konpromisoa hartu zuen Euskotrenek.
Horrez gain, Zarauzko Udaleko langileek bibrazioak eta zarata neurtzen jardun zuten denboraldi batean, baita eraikuntzetan eta etxeetan zeuden arazoak aztertu ere. «Oraindik ez dugu azterketa horien emaitzik ikusi ere egin», esan dute.
Arazo serioa
«Denboraldi batean arazoa konponduta zutela zirudien, baina gaur egun garai batean bezala gaude», salatu du Lazkanok. Hori dela eta, euren kabuz azkenaldian hainbat neurketa egin dute auzokideek: «Azkenaldian gasoliozko lokomotora batek tiratako 35-40 bobina daramatzan tren bat baino gehiago kontatu ditugu». Bobina bakoitzak 18 eta 20 tona artean pisatzen dituela jakinarazi dute Mitxelenako bizilagunek, eta «abiadura izugarrian» igarotzen direla auzotik. «Arazoa serioa da», nabarmendu dute.