Urola Kostako Udal Elkarteak ekintzaile berriei zuzenduta enpresa kudeaketaren inguruko ikastaroa antolatu du ekaina eta uztailarako.
Zarautzen egingo dituzte eskolak, Urola Kostako Udal Elkarteak duen egoitzan (Urdaneta bidea, 6). 48 orduko ikastaroa izango da, eta hilak 20ean hasiko dira saioak, eta uztailak 1era bitartean iraungo dituzte. Astelehenetik ostiralera egingo dituzte saioak, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Ikastaroan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, 943-89 08 08 telefonora deituta edo enpresasustapena@urolakosta.org helbidera idatzita.
Udal elkarteak adierazi duenez, «gizarte ekonomiako forma juridikoa» duen enpresa bat sortzeko asmoa edo interesa duenak jaso dezake ikastaroa; Sortu enpresa bat. Zergatik ez kooperatiba bat? Edo sozietate laboral bat? izenpean eskainiko du Bultz-Lan enpresak ikastaroa, eta hainbat gai jorratuko dituzte bertan; hala nola, merkatuaren, marketinaren, lan arloaren, eremu juridikoaren, zergen edo dokumentu administratiboen inguruko ezagutzak jasoko dituzte ikasleek.