Aurtengo gomazko pala txapelketa ere iritsi da bere azkenera. Larunbatean jokatu ziren finalak eta II. gomazko pala txapelketako azken partidak ikusgarriak izan ziren. Lehenengoa, izan zuen parekotasunagatik eta, bigarrena, jokalariengan nabaritzen zen tentsioarengatik.
Nahiz eta pala txapelketa herrikoia izan, argi geratu zen inor ez zela joan denbora pasa finaletara. Lehenengo partidan 3 eta 4. postuan nor geratu erabakitzen zen, eta Luis Erkiziak eta Joxe Mari Erkiziak osatutako bikoteak irabazi zuen 30-27.
Hasieratik aurretik izan ziren Ritxi Uzkudun eta Garikoitz Erkizia abantaila handiekin, baina nerbioak, nekeak edo tentsioak jota irabazleak gorantz joan ziren eta azkenean buelta eman eta irabazi egin zuten beteranoek. Partida polita izan zen, atzean lehia gogorra eduki zuten eta aurrean egin beharra zegoen tantoa, horren ondorioz luis arriskatzen hasi zirelarik. Hasierako gehienak ez zitzaizkien sartu berdean Luiz eta Joxe Marik, baina abantaila handia ikusita lasaitu edo egin ziren eta beste bikotea mugitzen jakin zuten. Aurrera atzean geratzen zirenean eta atzera aurrean geratutakoan.
Azken tantoetan oso tanto onak eta politak egin zituen Luis Erkiziak eta Joxe Marik beti bezala atzera gogor jotzen segi zuen bitartean.
Finala, ordea, oso ezberdina izan zen. Nahiz eta hasieran oso ondo eutsi, Unai Illarramendi eta Ibon Berasaluzek, ez zuten beraien maila eman eta ondorioz, Aitor Matxain eta Juanjo Polok errez dominatu zuten partidua. Polo indartsu agertu zen partida guztian eta Berasaluze atzeko zuloan eduki zuen ia partida guztian.
Matxainek, berriz, aurrean jotzen zuenean pilota, aurkarien artean espazioak ireki zituen eta hori pisu handia izan zen oriotarrentzat. Antolakuntzak esan duenez, esan beharra dago Unai eta Ibonek maila handia eman dutela txapelketan zehar eta hurrengo urterako ere aurkari gogorrak izango direla erakutsi dute.
Txapeldunek, bestalde, lehengo urtean bezala irabazi dutenez hurrengo urterako saltsa pixka bat gehiago jartzeko bikote ezberdinekin aurkeztuko direla azaldu zuten.
Pilota elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Arantxa Rtxabe eta Iñaki Oliden ama-semeei sarietan jarritako haragiagatik, eta frontoira azaldu ziren guztiei; final batean frontoian egon zen giro paregabea eskertzen delako. Datorren urtean, beraz, Pilota Elkarteak beste arazorik ez badu behintzat, hirugarren gomazko pala txapelketa egongo dela jakinarazi dute.
Frontenisa
Palaz gain, laster fronteniseko txapelketa egongo dela adierazi dute Pilota Elkartekoek, jokatu nahi dutenak prestatzen joateko. 15 urtetik gorakoentzat izango da txapelketa eta ekainaren 24a baino lehen eman beharko da izena Karela kiroldegian edo Baraka, Errusta eta Aterpe tabernetan. Uztailaren bigarren astetik aurrera hasiko da txapelketa eta hauen ordutegia izena emateko tokietan jarriko da. Gaztetxeak eta Pilota Elkarteak antolatutako txapelketan, bikote bakoitzak 10 euro eman beharko du. Bestetik, oriotarrak izan beharrik ere ez dago, beraz afizioa edo gogoa duenak izen emateko tokietara joan besterik ez du.