Orio Arraunketa Elkarteak marisko otarrearenen zozketa egin du eta zenbaki irabazlea maiatzaren 14an egindako Loteria Nacional zozketako azken lau zenbakiekin bat egin zuena izan da; zenbaki saritua, beraz, 6.062 izan da. Zenbaki horren jabea Ramon Arruti Eizagirre oriotarra da eta, jadanik, Orio Arraunketa Elkartean jaso du marisko sorta: 3 otarrain; 3 misera; 3 txangurru; 3 buia; 3 nekora; izkira kilo bat; eta lanperna kilo bat.
Kirol asteburua
Bestalde, Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariek, kategoria eta espezialitate guztietakoek, estropadak izan dituzte aste bukaeran.
Emakumezkoen trainerua eta KAE-1eko gizonezkoen trainerua Isuntzako Ikurrina eskuratzeko lehian aritu ziren Lekeition larunbatean. TKEko gizonezko trainerua, berriz, Santanderren izan zen TKE-Test entrenamenduan Urdaibai, San Juan, Hondarribia eta San Pedrorekin. Ondoren, Santanderren bertan, TKEko galan izan ziren.
Igandean, etxean, Orion, jokatu zen Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketa eta kategoria guztiak kontuan hartuta Orio Arraunketa Elkartetik 19 ontzi hartu zuten parte.
Infantil kategorian 5 ontzi izan ziren, lau mutiletan eta bat nesketan. Mutiletako Orio A taldea txapeldun izan zen bikoan eta B eta C taldeak bosgarren eta seigarren; bigarren egin zuen laukoan; eta nesken bikoak, berriz, laugarren.
Kadete mutilak seigarren izan ziren bikoan, senior gizonezko bakarkako, berriz, bigarren. Bigarren postuan sailkatu ziren baita ere laukoan kadete eta junior gizonezkoak eta bikoan kadete eta junior neskak. Kadete neska bakarka hirugarren izan zen. Kadete mutilen bikoak eta junior mutil bakarkakoak bosgarren egin zuten. Azpimarratzekoa, berriz, jubenietan gizonezkoen zortzikoak lortutako garaipena.
Txapelketa honekin aurtengo aulki mugikorreko Gipuzkoako liga bukatu da. Infantiletan Santiagotarrak izan da irabazle eta hirugarren Orio; Kadete eta senior kategorietan Hondarribiak jaso ditu banderak eta laugarren izan da Orio kadeteetan eta seniorretan hirugarren. Aipagarriena jubeniletan lortutako bandera.