Bildu koalizioko hautagai Eneko Etxeberria izendatu dute alkate gaur eguerdian Azpeitian egin den Udalbatza osaketako ekitaldian. Zinegotzi guztiek kargu hartu ondoren, bozkaketa egin dute eta alderdi bakoitzak bere hautagaia babestu du; hamaika boto jaso ditu Bilduk, bost boto EAJ-PNVk eta boto bat Hamaikabatek. Etxeberriak txalo artean jaso du Julian Eizmendi alkate ohiaren eskutik alkatetzaren lekukoa eta datozen lau urtetan erabiliko duen aulkitik auzolanera eta amets egitera deitu die herritarrei.
“Azpeitia ez da amets bat” esanez hasi du mintzaldia Etxeberriak, “Azpeitia gizaldiz gizaldi, harriz harri, hitzez hitz eta jendez jende osatu den herria da, izerdi askokin jasotako herria”, esan du; herriari gaur egun duen itxura batez ere “jendeak eta jendearen ametsek” eman diotela, “jendea eta beraien ametsak dira gure herriaren bihotza”.
Herritarrak auzolanera deitu ditu alkate berriak, auzolanak “bakoitza noraino iristen den eta bestea non hasten den erakusten digu eta elkarrekin jardutearen menkanika erakusten digu, banaka egin ezin duguna denok elkarrekin egin dezakegula erakusten digu”.
Udala, “herritarren etxea, azpeitiarron etxea” dela esan du Etxeberriak, “denok osatzen dugu Azpeitia, inor ez dago soberan”. Aldaketa sozial eta politiko bat gauzatzeko asmoa agertu du, “eta ez diogu iruzurrik egingo gure herriari”. Atzean inor ez dutela utziko adierazi du, “izan gizon edo emakume, izan zahar edo gazte, izan zuri edo beltz, izan euskaldun edo erdaldun; jendarte ekilibratu eta integratu baten alde joko dugu buru belarri. Gure esku badago, ezin dugu inor amesgaizto batean abandonatu”.
Gatazaka politikoa gainditzea eta “behin betirako indarkeria eta eskubide urraketa guztiak desgertaraztea Udal honen lehentasunak” izango direla azpimarratu du Etxeberriak eta horretarako “pausoak eman behar” direla.
Udalaren leloa, “adostasun borondatea eta iritzi trukaketa” izan dadin nahi du Etxeberriak, “bai Udal ordezkarien artean eta bai herritarren artean”. Auzolanera eta parte-hartzera dei eginez esan du, “herriko etxe honetako leiho bat zabaldu nahi diogu itxaropenari eta udaletxe ate guztiak herriari, denon artean Azpeitia justuago, ezkertiarrago eta libreago bat egin behar dugu”.
Fabore bat eskatuz amaitu du mintzaldia Eneko Etxeberria alkate berriak: "segi dezagula elkarrekin amets egiten”.
Zinegotzien hitzak
EAJ-PNVko alkategai Jexux Larrañagak zorionak eman dizkie Bilduko kideei eta eskerrak eman dizkie eurak babestu zituztenei. Agintari berriei eskatu die "ETAri behingoz" indarkeria bertan behera uzteko.
Hamaikabateko Aitor Arangurenek Etxeberriari esan dio, "ea denok elkarrekin amets horiek betetzen ditugun".
Bilduko zinegotzi Juana Jauregik herriko preso politikoak, iheslariak eta deportatuak izan ditu gogoan eta une hau "pausoak eman eta konpromisoa erakusteko une egokia" izan daitekeela adierazi du, "gaixo dauden presoak eta Parot doktrina aplikatu zaien" presoen egoerari irteera bat emateko.