Zarauzko XXV. Triatloiak ekin dio bere urteurreneko ospakizunei. Expo triatloi azoka zabalik dago atzotik Munoa plazan, eta pixkanaka-pixkanaka parte-hartzaile guztiak beren dortsala jasotzen ari dira. Bien bitartean, jai giroan murgiltzeko, bertako gastronomia dastatzeko aukera jarri dute; besteak beste, kontsebako atuna eta antxoak, oilasko errea eta Getariako Txakolina. Jateaz eta edateaz aparte, bada zer ikusia ere. Triatloi proba nagusia arratsaldean bada ere, motorrak berotzeko, BH Lehiaketa Tri-Estatikoa jokatzen ari dira une honetan; hau da, lehorreko triatloi erakustaldia. Bertan, lau talde ari da nor baino nor: Zarauzko, Getariako eta Zumaiako ordezkariak eta Jose Luis Kortak gidatutako luxuzko taldea. Zer gozatua bada, beraz, Munoa plazan.
Zarauzko XXV. Triatloia arratsaldeko lehen orduan hasiko da. Parte-hartzaileak Getariako Malkorbe hondartzatik aterako dira igerian –emakumeak 14:45ean eta gizonak 15:00etan–, eta bizikletan 76 kilometro egin ondoren, herrian barana 20 kilometro egin beharko dute korrika. Helmuga Lege Zaharren enparantzan izango da. Probak irauten duen bitartean, musika eta ikuskizunak izango dira kaleetan. Gauen, 22:00etan hasita, Louise Michel taldearen kontzertua egongo da Munoan.
Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, 15:00etatik 19:00etara N-634 et GI-2663 errepideak trafikoari itxita egongo dira.
