Elkartasun Eguna izango da ekainaren 18an

Karkara.eus 2011ko ekainaren 10a

Euskal preso politikoekiko elkartasuna adierazteko hainbat ekitaldi antolatu dituzte

Orioko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatuta, datorren larunbatean, ekainaren 18an, I. Elkartasun Eguna izango da. Egunean barrena hainbat ekintza izango dira, b...

Euskal preso politikoekiko elkartasuna adierazteko hainbat ekitaldi antolatu dituzte

Orioko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatuta, datorren larunbatean, ekainaren 18an, I. Elkartasun Eguna izango da. Egunean barrena hainbat ekintza izango dira, beti ere, euskal preso politikoei elkartasuna adieraziz eta haien etxeratzea eskatuz. Honakoa da egun horretarako antolatu duten egitaratua:

  • 10:00-10:30 Elkartasun argazkia, Kukuarrin
  • 12:00 Hamaiketakoa, plazan
  • 13:00 Haur jolasak eta koadrilen arteko herri jokoak
  • 14:00 Elkartasun bazkaria, plazan. Menua: Txanpiak; zikiroa entsaladarekin; postrea, kafea eta kopa; eta sagardoa txotxetik
  • 18:00 Manifestazioa, plazatik
  • Ondoren, omenaldia
  • 23:00 Kontzertua, gaztetxean: Izate taldea

Bazkaritarako txartelak Aterpe eta Kolon Txiki tabernetan egongo dira salgai, ekainaren 16ko gauera arte, 20 eurotan. Antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte bazkaritara eta euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko egun horretako ekintzetan parte hartzera. Horretarako honako hitzak helarazi nahi dizkiete oriotarrei:

Garai berri honetan iritsi zaigu oriotarroi ere askatasun haizea zabaltzeko eta bultzatzeko garaia. Iritsi zaigu euskal herritarrak, eskubide guztien jabe, Euskal Herrian bizi gaitezen, inongo lotsarik gabe aldarrikatzeko garaia. Iritsi zaigu espainiar eta frantziar estatuen atzaparretan bahiturik ditugun euskal preso politikoekiko elkartasunari bidea egiteko garaia.

Euskal preso politikoei ezarri zaizkien muturreko egoerak ondorio latzen sortzaile dira. Sakabanaketa politikak istripuak eragiten jarraitzen du, presoak urruntzen eta bakartzea areagotzen. Biziarteko espetxe zigorra legeztatu dute praktikan, kondena betea izan arren preso politikoak preso mantentzen dituztelarik Entzutegi Gorenaren doktrinaren bidez. Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak espetxean preso mantentzen dituzte, berdin minbizia izan, berdin eritasun psikologiko larriak izan. Espetxeak ukazioaren zurrunbilo bilakatu dira euskal preso politikoentzat. Bestalde, espetxe politika honek, desgaste ekonomiko izugarria dakar non elkartasuna eta herritarren laguntza ezinbestekoak diren.

Euskal Herrian preso politikoak egon diren denbora guztian, beraiekiko elkartasunak beti iraun du bizirik. Preso politikoak egoteak preso politikoekiko elkartasuna dakar naturalki. Gure herrian bertan urte guztian zehar hainbat ekimenen bidez saiatzen gara espetxeen eta gure herriaren arteko distantzia laburtzen.

Azken hilabeteotan Euskal Herrian aro politiko berri bat ireki da, non eragile politiko, sozial eta sindikal ezberdinek bat egin duten benetako konponbide prozesu bat bururaino eramateko ahaleginean. Zentzu honetan, euskal preso politikoen etxeratzea izango da abian den prozesu honek utzi beharreko ondorioetako bat.

Festa  honen helburua edozein euskal preso politikok eta beraien senide nahiz gertukoek bizi duten eguneroko egoera azaleratzea da. Beste euskal herritarren pare Orioko herritarrek jasan behar izan eta izaten dituzten eskubide urraketak argitara atera eta norabide elkartu batean lan egin nahi dugu. Herritarrengan informazioa zabalduz, Euskal presoak eskubide guztien jabe Euskal Herrian izan arteko indarrak biltzen jarraitzeko pauso garrantzitsu bat izango da Orioko I. Elkartasun Eguna. Jakitun gara hau ez dela egun batetik bestera emango, eta jakitun gara beharrezkoa izango direla herritarren presioa eta mobilizazioa.

Honela bada, herritar guztioi dei egin nahi dizuegu Ekainaren 18an Orioko kaleak elkartasunez betetzera, baita aurrerantzean egingo ditugun mobilizazioetan parte hartzera ere.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide