Juan Luis Illarramendi, Bilduko zerrendaburua, izango da aurrerantzean Zarauzko alkatea. Hala erabaki du udalbatza osatu berriak duela minutu batzuk. Bilduko zerrendaburuak 11 boto eskuratu ditu, EAJko zerrendaburu Imanol Lasak sei, PSE-EEko zerrendaburu Patxi Elolak hiru, eta PPko zerrendaburu Rafa Olaizolak bat.
Orain arteko alkatearen eskutik jaso du Illarramendik alkate makila, Jon Urienen eskutik. Itxaferoak entzun dira une horretan bertan. Udaletxe ataritik jarraitu du jende askok udalbatza osaketarako ekitaldia, izan ere. Bozgorailuetatik entzun ahal izan dute zeremonia, gonbidatuak soilik sar baizitezkeen pleno aretora.
Guztiei zorionak emanez hasi du hitzaldia alkate berriak, kargua hartu berritan. Hauteskundeetan “herriaren haserrea” nabaritu dela adierazi du, eta herritarrek Bilduri eman diotela giltza. Horren aurrean, “pozez gainezka gaude, eta ardura osoz, behar bezala erantzuteko”. Udala eraldatzea dutela helburu esan du. “Bortxakeria guztiak gaitzetsi” ditu, atxiloketak eta tortura, besteak beste, “guztien eskubide zibil guztien errespetuaren alde”. Biktimak “oro har” aintzat hartzeko eta presoen egoerarentzat irtenbidea eskatu du. Sortu legalizatzeko ere eskatu du, normaltasunerako bidean.
Udala eraldatzea izango du Bilduk helburu, Illarramendik adierazi duenez. Aurrerantzean “abertzalea, ezkertiarra eta soberanista” izango da Zarauzko Udala, haren arabera. Era berean, “herrian txertatutako Udala” izango dela ziurtatu du, parte-hartzea sustatuko duena. “Bidea herritarrekin egingo dugu”.
Aralar-EBren bi boto
Zinegotziek kargua hartu ostean aukeratu dute alkatea. Guztiek bere alderdiaren aldeko botoa eman dute, Aralar-EBek izan ezik. Aralar-EBko bi zinegotziek, Andoni Ibarguren zerrendaburuak eta Mariana Aranburuk, Bilduri eman diote botoa. Ibargurenek azaldu duenez, Bildu hauteskundeetan boto gehien jaso duen taldea izan delako eta herri programan puntu komun asko dituztelako eman diote botoa.
Era berean, “aro politiko berria” hasi dela nabarmendu du Aralar-EBko zerrendaburuak, eta “normalizazio politikorako aroa” izan dadin nahiko lukeela. Abestia ere jarri dio garai berriari: Give peace a chance, John Lennon-ena. Abestuz esan du izenburua, eta barreak eragin ditu pleno aretoan.
PPko Rafa Olaizolaren atzetik hitz egin du Ibargurenek. Olaizolak zoriondu egin du Bildu, eta erronkak gogorarazi dizkio: langabezia eta etxebizitza falta. Era berean, eskerrak eman dizkie “PPren alde bozkatu duten ia 1000 herritarrei”, eta haiek ordezkatzeko lan egingo duela adierazi du.
PSE-EEko Patxi Elolak ere Bildu zorionduz hasi du hitzaldia. Aurreko alkateari, Jon Urieni, eskerrak eman dizkio, egindako lanagatik. Eta agintaldian giza eskubideak eta elkarbizitza baketsua aldarrikatuko dituela jakinarazi du, aretoan jarritako kartel batean dioena errepikatuz. “Zorte on, zuen zorte ona denon zortea da-eta”.
EAJko zerrendaburu Imanol Lasak ere Urien eta “lan talde osoa” ekarri du gogora. Urduri dagoela aitortu du, “ikasturte hasieran bezala, ikaskide berrien aurrean”. Proiektu estrategikoen alde lan egiteko prest daudela adierazi du, “ilusioz” lan egiteko, “inor baztertu gabe”. “Zuen ardura lideratzea da”, esan die Bilduko ordezkariei, eta EAJko sei zinegotzi lanerako prest daudela nabarmendu.
Ekitaldia amaitzean udaletxeko balkoira atera dira Illarramendi eta Bilduko beste hainbat ordezkari, eta txaloka erantzun die behean zain zituztenak. Ondoren, hamaiketakoa egin dute Foruen Plazan. “Independentzia” oihuak ere entzun dira.





















