Maria Jesus Salsamendi Bilduko hautagaia izango da alkate berria Errezilen. Lau boto lortu ditu honek, eta Iñaki Irulegi Errezil Herrin Alde plataformako zerrendaburuak, berriz, hiru boto.
Txiki geratu da herriko udaletxeko pleno aretoa, herritar asko hurbildu baitira zinegotzien eta alkatearen kargu hartze saioa jarraitzera. Normaltasuna izan da nagusi saio guztian zehar, eta ohiko prozedura segitu dute ordezkariek; lehendabizi, adineko mahaia osatu dute Maria Jesus Salsamendik eta Nerea Agirretxe ordezkariek eta idazkariak, zinegotzi zaharrena eta gazteena direlako horiek.
Zinegotziek kargua hartu dute gero, eta ondorenk alkatea izendatzeari ekin diote; isilpeko bozketa bidez, ordezkari bakoitzak bi taldeetako zerrendaburuen izen-abizenak idatzi dituzte. Ohiko prozesua jarraituz, "alkate karguaren eginbeharrak zintzo beteko ditudala hitz ematen dut, Estatuko Funtsezko Arau gisa Konstituzioari men eginez" galdetu dio idazkariak Salsamendiri; honek baietz erantzun du, baina "legeak hala behartzen" duelako.
Bertaratu direnek txalo artean hartu dute alkate berria. Salsamendik esan du herrian "indar berezia" nabari dela, eta horren erakusle izan zirela maiatzak 22ko hauteskundeetako emaitzak. "Pozez gainezka" eta "ardura osoz" hartzen duela kargua adierazi du. Koalizioaren erronka Udala "eraldatzea" dela gaineratu du alkate berriak. Horretarako, "guztiontzat eta guztiokin" lan egingo dutela nabarmendu du: "Parte-hartze demokratiko eta zabala bultzatu nahi dugu datozen urteetan, elkarrekin eztabaidatuz, guztion parte hartzeaz erabakiz eta horretarako bitartekoak jarriz".
Iñaki Oiartzabal jarduneko alkateak eman dio alkate makila Salsamendiri, txalo artean. Azkenik, dantzariek harrera egin diote osatu duten Udalbatza berriari, eta suziriak ere bota dituzte udaletxetik.