Udalbatza osatzeko larunbateko udalbatzarraren harira Orain plataformak agerraldia egin du bere botoa zein alkategairi emango dion azaltzeko. Azken asteotan hainbat batzar egin dituzte Udalean ordezkaritza lortu duten beste bi alderdietako – EAJ eta Bildu – ordezkariekin eta Orainen sorreratik aldarrikatu duten mezua helarazi diete: oriotarron ahotsa entzuna izatea nahi dugu, eta horretarako elkarlanean arituko den Udal parte hartzailea beharrezkoa da.
Orainek bere programan aipatzen dituen elkarlana eta partaidetza aurrera eramateko bi printzipio bultzatu dituela adierazi du jendaurrean Mirian Urangak:
- Parekotasuna udal- talde guztien arteko ardura banaketan
- Austeritate printzipioa: Bizi ditugun garaiotan beharrezkoa ikusten dugu politikarion soldatak berraztertzea.
Printzipio horien alde egiteko prestutasun gehiago azaldu duela ikusita, alkatetzarako gure bi botoak Bilduko Beñat Solaberrietari ematea erabaki dugu, esan du Mirian Urangak.
Botoak Bilduko hautagaiari eman arren, argi utzi nahi izan dute ez direla datozen lau urteetan Bilduren eskutik joango: Gaiak banaka-banaka aztertuko ditugu eta unean uneko erabakiak hartuko ditugu. Datorren legealdian elkarlanean aritu nahi dugu proiektu guztietan bai Bildu, bai EAJ eta baita herriko hainbat eragilerekin ere. Guztiok ditugu ideia eta ekarpen garrantzitsuak, eta guztion artean lortuko ditugu emaitzarik onenak Orioko herriarentzat. Hiru talde izango gara Udalean, eta hiruron erantzukizuna da Orioren ongizatea. Ekin diezaiogun lanari ardura eta errespetu osoz.
Bilduk alderdiko kideekin egin du batzarra ondoren eta hauteskunde emaitzen balorazioa egin eta gero beste alderdiekin izandako negoziazio bileren berri eman dute, baita hemendik aurrera nola jokatu nahi luketen adierazi ere. Emaitzekin gustura daudela esan du Beñat Solaberrietak aurrez egindako boto kalkulua, beraiei zegokiena, bete delako.
Bilduko ordezkariak Orain eta EAJkoekin elkartu eta beste hainbat gaiz gain, Udalaren funtzionamendua (Gobernu organoa eta batzordeak) izan dute hizpide.
Aurrerantzean Udal ireki eta parte hartzailea bultzatuko dutela berretsi dute eta, horretarako, Udalaren baitan ez ezik, herritarrekin komunikazio sareak eraikiko dituztela horien ideiak jaso eta oriotarrek ere Udalean tokia izan dezaten.
Bihar, larunbata, ekainaren 11, izango da Udalbatza berria osatzeko udalbatzarra 08:30ean udaletxean eta han hartuko du Beñat Solaberrietak alkate kargua.