Beñat Solaberrietak hartu du Orioko alkate makila

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 11

Bildu koalizioko zerrendaburu Beñat Solaberrieta izango da Orioko alkate berria. Maiatzaren 22ko hauteskudeetan EAJ izan zen herriko alderdi bozkatuena, sei zinegotzirekin; Bilduk bost zinegotzi lortu zituen; eta Orain plataformak, berriz, bi. Plataformak, atzo emandako prentsaurrekoan adierazi zuen bezala, bere babesa eman dio gaur koalizioari, eta, ondorioz, Solaberrietak aldeko zazpi boto jaso ditu. EAJko zerrendaburu eta azken agintaldiko alkate Jon Redondok sei boto jaso ditu, bere alderdikideek emandakoa. Eskualdeko udalbatza eraketa goiztiarrena izan da Oriokoa. Ekitaldiari 08:30ean ekin badiote ere, udal batzar aretoa herritarrez bete da; askok tente jarraitu behar izan dute alkate aukeraketa. Normaltasuna izan da nagusi prozesu osoan, eta gerturatu direnek txalo artean jaso dute alkate berria. Bozketak hala erabakita, Redondok alkate makila pasatu dio Solaberrietari, eta honek aurrerantzean egiteko "arduraz eta konpromisoz" hartzen duela adierazi du. Alkate berriaren hitzetan, "prest gaude alkatetza erantzukizun osoz hartzeko, eta erantzukizunak errespetua du lehen baldintza. Errespetua gainerako zinegotziei, udal langileei eta herritarrei. Eta, nola ez, errespetua urtetan egin den lanari. Azken agintaldiko kudeaketa askok saritu dute bozetan, baina lan egiteko moduetan aldaketa behar dela bozkatu dute gehienek. Horregatik, enkargua hartu, eta guztiontzat eta guztiekin egingo dugu lan". Era berean, oriotar guztien alkate izango dela nabarmendu du: "Oriotarrek izan dezatela hitza nolako herria nahi duten erabakitzerakoan, elkarrekin ezatabaidatuz, parte hartuz eta erabakiz. Herrian txertatutako udala nahi dugu, eta herritar aktiboak nahi ditugu, eraikitzaileak eta erabakitzaileak. Esandakoa demostratzea dagokigu aurrerantzean; udal gobernua elkarrekin bideratzea, alegia. Hiru alderdiok udalaren motor izatea nahiko genuke. Motorrak eraginda, herria bera da mugitu behar dena, motorrak ez baitu zentzurik zer mugitu ez dagoenean. Horregatik, gazteekin, adinekoekin, kultur eta kirol elkarteekin, herrigintzan eta auzolanean jarduteko prest zaudeten guztiekin egin nahi dugu lan. Guztientzat zabalik izango dira Udalaren ateak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide