Getariako Aralar alderdiak jakinarazi du biharko kargu hartze ekitaldian Bildu koalizioari emango diola botoa. Beraz, Nika Lertxundi Bilduko hautagaia izango da hurrengo lau urteetan alkate. Getariako Bilduk eta Aralarrek “elkarbizitzarako akordioa” adostu dutela jakinarazi dute gaur egindako prentsaurrekoan. Beraz, maiatzak 22ko hauteskundeetan getariarrek “aldaketa politiko eta sozialen alde” egin zuten hautua beraien gain egingo dutela nabarmendu dute, eta Getariako Udala horren “eragile aktibo” izango dela esan dute.
Halaber, Nika Lertxundi Bilduko alkategaiak jakinarazi du “momentuz” ez dutela udal gobernua batera osatuko, baina Bilduk Aralarri berriro eskainiko diola aurreratu du. Dena den, Aitor Bikuña Aralarreko zerrendaburuak adierazi du “parte aktiboa” izango direla Udalean.
Era berean, talde biek berretsi dute guztien arteko “elkarrizketa” bultzatuko dutela, eta Aintzane Ezenarro Getariako Aralarreko zerrendakideak eta legebiltzarkideak uste du hori “berrikuntza” izango dela Getarian.
Bi taldeek gogoratu dute soilik “bide demokratiko, politikoa eta baketsuak” erabiltzeko konpromisoa dutela, eta horretarako “negozioazioa eta akordioa” izango dute ardatz. Halaber, “herriaren hitza” oinarri izango dutela berretsi dute.
