Urtero legez, Txaparrotan ekimena prestatu du ZKE Zarauzko Kirol Elkarteko Eskubaloi atalak datorren uztailaren 1-3 bitarterako. Helduek zein haurrek txaparrotan@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali beharko dute izena eman ahal izateko. Mezuan bertan argi idatzi beharko dira taldeko jokalarien izen-abizenak, taldearen izena, taldeko arduradunaren telefonoa eta harremanetarako helbide elektronikoa. Gaztetxoen gainera, taldekide bakoitzaren jaiotze data zehaztu beharko da.
Jakinarazi dutenez, izen ematea egoki egin dela ziurtatzeko mezua jasoko dute parte-hartzaileek. Mezua jaso ezean, berriz saiatzeko eskatu diete interesa dutenei.
Helduen talde bakoitzak 32 euro sartu beharko dituzte Euskadiko Kutxako 3035 0029 6002 9110 9064 kontu korronte zenbakira. Haurrek, berriz, zortzi euro ordaindu beharko dituzte. Ordain agirian taldearen izena zehaztu beharko da. Haurrek gaur izango dute izena emateko azken eguna; helduek ekainaren 28a arteko epea izango dute izena emateko.