Udal berria osatzeko bilkuraren atarian, Zarauzko Bilduren deialdi irekia zarauztar guztientzat:
“Azken urteotako Zarauzko Udalaren kudeaketarekiko haserrea agertu genuen hauteskundeen atarian, eta herri honek gardentasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna ekarriko duen udal berria behar duela aldarrikatu genuen.
Gure haserrearekin eta aldaketarekiko gogoarekin bat egin zuten 4.276 zarauztarrek maiatzaren 22an, Bilduri bozka emanez, eta bederatzi hautetsi eskuratu genituen babes horren ondorioz.
Guztiek bihar hartuko dute kargua, udal berria osatzeko bilkuran.
10:00etan izango da, Zarauzko udaletxearen pleno aretoan.
Zoritxarrez, aurreko udal agintarien ohiturek eta herritarrei bizkar emanda jarduteko moduak eragina izango dute bihar, eta udal berria osatzeko bilkura zarauztarrentzat ateak itxita egingo da, eta gonbidapenen bidez soilik sartu ahal izango da.
Hala ere, bihar zarauztarrek luzaroan espero izan duten aldaketa gauzatuko denez, herritarrei dei egiten diegu ekitaldian zehar udaletxe atarian elkartzera eta amaitzean aldaketa ospatzera, horretarako antolatu dugun hamaiketako herrikoian.
Alkate berria eta zinegotzi berriak izango ditu bihartik aurrera Zarautzek. Azken asteotan ilusioa bildu eta gero, orain, zarauztarren alde lanean segitzeko garaia da.
Gardentasunez eta hurbiltasunez, hitz eman genuen bezala”.