Landan-inguruneko Euskadiko emakumeen Hitzez elkarteak jaso du Andrakintza saria, Muskizko Udaleko berdintasun sailak ematen duena emakume eta gizonen arteko berdintasun ekintzak sustatzen dituzten erakundeen lana aitortzeko. Sariaren deialdian azaltzen duten moduan sari honen xedea honako hau da: gizon eta emakumeen aukeren berdintasuna defendatu edo sustatzeko eskuzabaltasunez ekintzak egin dituzten pertsona, talde, elkarte edo erakundeei euren lana jendaurrean aitortzea; batik bat, Euskal Herrian edota Euskal Herritik garatu direnak, eta beren originaltasun, ahalegin edo eraginagatik goraipatu behar direnak.
Aiako emakumeen elkartea 2007 urtean sortu zuten Urola Kostako landa inguruneko bost emakumek, horietako batzuk sindikatuetan eta elkarteetan esperientzia luzea dutenak. Bere helburu nagusia da landa-inguruetako emakumeen osasuna zaintzea, eta horretarako formazio, parte hartze, eztabaida eta gogoetarako guneak antolatzea.
Epaimahaia, GKEek, sektoreko elkarteek, eta udal teknikariak osatu dute eta XII edizioan Hitzezekin batera Ekuadorren berdintasuna lortzeko Zirkintza mugimenduak eta Mugarik gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeek aurkeztu zuten beren hautagaitza. Hitzez aukeratzearen arrazoia izan da: oso eremu zehatzean, landa ingurunean, emakumeek antolatu eta zuzendutako elkartea izatea.
Une honetan 50 emakume biltzen dituen taldeko ordezkariak nabarmendu zuen baserrien sakabanaketak berez sortzen duen bakartzeaz gain, badirela kultura eta tradiziozko beste faktore batzuk baserriko emakumeari herriko edo hirigunekoari baino gehiago eskatzea eragiten dutenak.
Eskultura bat eta diru-saria jaso dute Hitzez elkartekoek.