Aia izango da Udalbatza berria osatuko duen lehenengo herria

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 9a

Urola Kostako herrietan bihar eta larunbatean osatuko dituzte datozen lau urtetarako udalbatzak. Larunbatean izango dira bilkura ia guztiak, baina Aian egun bat aurreratu dute ekitaldia. «Zinegotzientzat egokiagoa» delako aurreratu dute ekitaldia. Beraz, gaur 20:00etan izendatuko dute Igor Iturain jeltzalea alkate hirugarren aldiz.
Gainontzeko herrietan bihar izendatuko dituzte alkateak, eta orduan eratuko dute udalbatza. Ohiko prozedura jarraituko dute legealdi berriko ordezkariek.  Hala, oraingo zinegotziek eta alkateek kargua hartzen dutenean honakoa esan beharko dute: «Zinegotzi— edo alkate— karguaren eginbeharrak zintzo beteko ditudala hitz ematen dut, Estatuko Funtsezko Arau gisa Konstituzioari men eginez».
Behin kargua hartuta izendatuko dute alkatea; zinegotzi guztiek alkategaiak bozkatuko dituzte, eta boto gehien lortzen duena izango da alkate. Idazkariak zinegotziei txartelak banatuko dizkiete, eta bertan izen-abizenak jarri beharko dituzte. Hala ere, inork ez badu gehiengoa lortzen, maiatzak 22ko hauteskundeetan boto gehien lortu zuen alderdiko zerrendaburuarentzat izango da kargua. Behin karguak hartuta,  hilabeteko epea izango dute udalaren egitura osatzeko.
Zarautzen, saio itxia
Kargua hartzeko eta alkatea aukeratzeko bilkurak herritarrentzat irekiak izango dira, Zarautzen izan ezik. Kostako herrian gonbita beharko da saiora sartzeko. Hala ere, herritarrek bozgoragailuetatik jarraitu ahal izango dute ekitaldia, udaletxe kanpotik.
Kargu hartzeak
- Aia. Bihar, 20:00etan.
- Azkoitia. Larunbatean, 11:00etan.
- Azpeitia. Larunbatean, 12:00etan.
- Aizarnazabal. Larunbatean, 11:00etan.
- Beizama. Larunbatean, 13:00etan.
- Errezil. Larunbatean, 10:00etan.
- Getaria. Larunbatean, 13:45ean.
- Orio. Larunbatean, 08:30ean.
- Zarautz. Larunbatean, 10:00etan.
- Zestoa. Larunbatean, 12:00etan.
- Zumaia. Larunbatean, 09:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide