Orio Danbolin Musika Ikastolako irakasle eta ikasleek ikasturtea amaitzear dute, eta azken urteetan egin ohi duten bezala, haur eta gaztetxoek kontzertu pedagogikoak egingo dituzte hurrengo astean.
Astelehenean, hilak 13, hurrengo ikasturtean musika tresnaren bat ikasi nahi dutenei zuzenduta eskainiko dute kontzertua Danbolin musika eskolan, 17:00etan. Horrez gain, ate irekien saioa egingo dute gurasoentzat orduan.
Bestetik, ikasturte amaierako kontzertuak izango dira hilak 16tik 21era bitartean. Ikasturtean zehar ikasi dituzten piezak joko dituzte 150 haur baino gehiagok egun horietan zehar, eta saio guztiak irekiak izango dira. Hilak 16an, gitarra eta flauta eta tronpeta kontzertuak izango dira 17:30eatik aurrera, musika eskolan. Hilak 17an, berriz, biolin eta biolontxelo-jotzaileek 17:00etan eskainiko dute kontzertua, musika eskolan. Ondoren, dantza emanaldia izango da 18:00etan, baina hori ikastola aurreko plazoletan egingo dute.
Hilak 20an, berriz, perkusio-jotzaileen eta txistu-jotzaileen saioak izango dira 17:30ean, eta eskusoinuen kontzertua, berriz, 19:00etan izango da. Piano-jotzaileek kultur etxean egingo dituzte saioak, 18:00etan eta 19:00etan.
Azkeneko egunean klarinete eta saxofoi-jotzaileek 18:00etan eskainiko dute saioa, musika eskolan; azkenik, triki-pandero-jotzaileak eta abeslariak 17:00etan eta 19:00etan igoko dira taula gainera.