Azken urteetako itsasaldiak medio, Gaztetape hondartza harriz josita egon da azken denboraldian. Hori dela eta, hondartza berriz harez betetzeko hainbat bilera egin du Getariako Udalak Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzarekin. Debatik hondarra ekartzeko asmoa erakutsi zuten. Erabakia GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten, eta jendaurrean egon zenean ez zuen inork helegiterik aurkeztu.
Dena prest zuten lanekin hasteko, baina itsasoak harea bere kabuz ekarri du. Ez da lanik egin beharko, beraz. «Kosta Zuzendaritzak ez du hondarrik ekarri beharko Gaztetapera. Naturak kasu egin digu, zorionez», nabarmendu du Getariako jarduneko alkate Andoni Aristik.
Gaztetapen pilatutako harrien kasuan, datorren astean zehar hondartza inguruko pasealekuko haitzetara eramango dituztela jakinarazi du Aristik. Ildo horretatik, besteak beste, surflariak
jarduketen inguruan jakinaren gainean daudela nabarmendu du.
Malkorben, berriz, kantina inguruko hondarra mugitu du Udalak, pasara egokitzeko. Bertaratzeko arrapala bat ezartzeko asmoa zuen erakundeak; diru faltagatik atzera bota zuten erabakia, ordea.
Getariarrak debalde
Aurtengo udan ere getariarrek doan aparkatu ahal izango dute portu inguruan zein Gaztetapen. Horretarako, itsaskorrak banatu dituzte udaletxean herritarrentzat. Itsaskorrez baliatuz, ordaindu gabe igaro eta aparkatu ahalko dute, beraz, hondartza inguruan edota moila parean.
Kanpotik heldutakoek, iaz egin zuten moduan, ordaindu egin beharko dute herrira sartu eta autoa bertan uzteko. «Pasa den urtean gorabeherak izan ziren. Herriaren bi sarreretan kabina bana kokatu zuten, sarrera kobratzeko. Aurten, dirudienez, ordainpeko aparkalekuetako antzeko
mekanismoa jarriko
dute; txartel bidezkoa, alegia. Hala ere, ez gaude oso ziur», gehitu du Getariako jarduneko alkateak.
Izan ere, «informazio falta» salatu du: «Portu Zuzendaritzaren eskumena da Getariako moila. Ez dio Udalari baimenik eskatu behar, beraz, bertan egin beharrekoak egiteko. Hala ere, eskertuko genuke horren inguruan informazioa helaraziko balute».
Aparkalekuak museorako
Cristobal Balentziaga museoa bisitatzera Getariara gerturatzen direnentzat bi aparkaleku egokituko ditu Udalak, bata Jesuiten jauregiaren inguruan, eta bestea, berriz, polikiroldegiko pistan. «Eskolako eta kiroldegiko ordutegia errespetatuz aparkatu ahalko da kiroldegi inguruan», adieraiz du Aristik.
