Aitzindaria erreferente

Zarauzko Hitza 2011ko ekainaren 9a

Aritz Mutiozabal/SasoianZarauzko hiriaren sorreraren 750. urteurrenaren harira, kirol ekitaldi handi bat antolatu nahi izan zuten 1987an, eta herriko kirol jarduerez arduratzen ziren hainbat lagun bildu zuen Udalak. Zarauzko Turismo bulegoaren bitartez, Oscar Gutierrez kantabriarrarekin harremanetan jarri ziren, garai hartan oraindik ezezaguna zen proba bat prestatzeko: Triatloia. «Dirudienez, Gutierrezek jakin bazekien zer zen, baita AEBetan horrelako probak egiten zirela ere», gogoratzen du hasieratik antolaketan ibili zen Juan Mari Gibelaldek: «Nolabait esateko, Zarautzek triatloirako baldintza eta ezaugarri guztiak betetzen zituen; izan ere, igeriketa, txirrindularitza eta korrika uztartu genitzakeen herrian bertan». Horrelaxe sortu zen Zarauzko triatloi proba. Zilarrezko ezteiak beteko ditu aurten. Garai hartan, hiru kategoritan banatzen zituzten triatloi probak: A, B eta C ziren mailetan. Lehen erabakia distantzia zehaztea izan zen, beraz. Gibelalderen hitzetan, «A kategoria motzegia iruditzen zitzaigunez, B kategoriakoa egitea pentsatu genuen, baina gogorregia ote zen kezka genuen. Izan ere, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia egin ondoren, inguruan dauden malda eta pendiz guztiekin, txirrindularitzako ibilbide luzea astakeria galanta iruditzen zitzaigun». Baina, igeriketa proba Getariatik Zarautzerainokoa ezarri zutenez, beste bi saioen distantziek ere proportzionalak izan behar zuten. «Urduri samar geunden. Ez genekien nola aterako ote zen», adierazi du honek. Bi urte geroago, Gutierrezek proba antolatzeari utzi egin zion. Triatloiari jarraipena emate aldera, Turismo [...]

Aritz Mutiozabal/SasoianZarauzko hiriaren sorreraren 750. urteurrenaren harira, kirol ekitaldi handi bat antolatu nahi izan zuten 1987an, eta herriko kirol jarduerez arduratzen ziren hainbat lagun bildu zuen Udalak. Zarauzko Turismo bulegoaren bitartez, Oscar Gutierrez kantabriarrarekin harremanetan jarri ziren, garai hartan oraindik ezezaguna zen proba bat prestatzeko: Triatloia. «Dirudienez, Gutierrezek jakin bazekien zer zen, baita AEBetan horrelako probak egiten zirela ere», gogoratzen du hasieratik antolaketan ibili zen Juan Mari Gibelaldek: «Nolabait esateko, Zarautzek triatloirako baldintza eta ezaugarri guztiak betetzen zituen; izan ere, igeriketa, txirrindularitza eta korrika uztartu genitzakeen herrian bertan». Horrelaxe sortu zen Zarauzko triatloi proba. Zilarrezko ezteiak beteko ditu aurten.
Garai hartan, hiru kategoritan banatzen zituzten triatloi probak: A, B eta C ziren mailetan. Lehen erabakia distantzia zehaztea izan zen, beraz. Gibelalderen hitzetan, «A kategoria motzegia iruditzen zitzaigunez, B kategoriakoa egitea pentsatu genuen, baina gogorregia ote zen kezka genuen. Izan ere, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia egin ondoren, inguruan dauden malda eta pendiz guztiekin, txirrindularitzako ibilbide luzea astakeria galanta iruditzen zitzaigun». Baina, igeriketa proba Getariatik Zarautzerainokoa ezarri zutenez, beste bi saioen distantziek ere proportzionalak izan behar zuten. «Urduri samar geunden. Ez genekien nola aterako ote zen», adierazi du honek.
Bi urte geroago, Gutierrezek proba antolatzeari utzi egin zion. Triatloiari jarraipena emate aldera, Turismo bulegoak Jexux Agoüesi eta Juan Trekuri antolakuntzan sartzeko proposamena egin zien. «Triatloiaren bigarren urtean hartu genuen parte gu biok, baita Jesus Mari Arrieta hermano azpeitiarrak ere. Lesionatuta nengoenez, bete-betean murgildu nintzen saltsan», dio Agoüesek. Turismo Bulegoak elkartu zituen, eta hasieran gehiago baziren ere, jendea uzten joan zen pixkanaka-pixkanaka, erantzukizun handia eskatzen zuelako. Ondorioz, Treku, Gibelalde eta Agoües geratu ziren, eta elkarrekin 20 urte pasatxo egin
zituzten kirol ekitaldia antolatzen. «Askotan gu hiruroi egiten zaigu erreferentzia, baina Turismo Bulegoko Ana Mari Esnal zen dena artikulatzen zuena.
Udaleko langilea izan arren, lan izugarria egin zuen triatloiaren
alde. Guztia kontrolpean
izaten zuen: baimenak, harremanak, babesleak, guzti-guztia»,
nabarmendu dute probaren antolatzaileek.
«Arrotza zitzaigun»
Gaur egun ohikoa da triatloia praktikatzea, baina orduan inor gutxi aritzen zen horretan. Proba egite hutsa balentria ikaragarria zen, sekulakoa. «Egun gizarteak beste modu batera bizi du hau guztia. Orduan, guztiz berria zen. Horregatik, herrian bertan ere ikusmina sortu zen. Kirolzaleak jakin-minez zeuden; izan ere, hasiera hartan gomazko trajeekin etortzen ziren triatletak, eta lagundu ere egin behar izaten zitzaien soinetik kentzen. Benetan arrotza zitzaigun guztioi», dio Gibelaldek.
Arrotza zenak gero eta oihartzun handiagoa hartu zuen, eta urtetik urtera partaidetza ere ikaragarri handitu zen. Aurten, 700 triatletak hartuko dute parte, baina estreinako urtean 45 lagun inguru izan ziren. Tartean zen Juan Luis Txiliku, proban atera zen lehen zarauztarra. «Hau guztia ahoz ahoko kontua izan da, jendea liluratuta joaten baitzen hemendik. Oso gustura geratzen ziren tratuarekin, herriko giroarekin, proba bizitzeko moduarekin…», adierazi du Gibelaldek.
Agoüesek bat egiten du bere adiskidearekin: «Triatloi askotara joaten zara, eta inor ez dagoen industrialde galduetara eramaten zaituzte. Zarautzen, berriz, kanal aldera luzatzen genuen korrikako ibilbidea eta eremu hura nahikoa hutsa egoten zen, baina hori Kale Nagusian jendeak sortzen duen pasilloekin orekatzen genuen. Kalea herritarrez gainezka, etengabe animatzen, oilo ipurdia jartzen zaizu!».
Herritarren inplikazioa
Hirukoak antolatzen bazuen ere, azkenean herri guztiak esku hartzen zuen. «Herritarrengatik ez balitz, ezin izango genukeen hau guztia aurrera atera». Hain justu ere, urtero-urtero laguntzeko prest zegoen jendea aurkezten zen, eta egun ere hala jarraitzen du. Azken finean, jendetza behar izaten da bidegurutzetarako, anoa postuetarako, zirkuitua markatzeko, muntatzeko, igeriketa saioan ontziarekin eta piraguekin joateko… «Alde horretatik, herritarren babesa fidela izan da urtero-urtero, guztiz eskuzabala, gainera. Ordu askoko proba izanik, beharrezkoa genuen halako laguntza».
Zarauzko Triatloiak egun duen sona «herriari berari esker» lortu duela uste du Agoüesek: «Beste toki batzuetan, lehenak iritsi ondoren ikusle guztiek alde egiten dute. Zarautzen, 21:00etan oraindik 40 laguneko koadrila geratzen da Musika Plazan, guztiek bukatu arte banan-banan animatzen. Horrek egiten du berezi proba hau».
Giroak ez ezik, inguruak ere asko lagundu du beti. Kostaldean jokatzen denez, Zarautzen eta inguruko herrietan, zirkuitua benetan erakargarria egiten zaie parte-hartzaileei. Ibilbidea beti antzeko samarra izan bada ere, aldian-aldian aldaketak izan ditu. Adibidez, Munoa plazako hiritartze lanak zirela-eta, box eremua tokiz aldatu behar izan zuten eta, ondorioz, Getariatik Zarautzera igeri egin beharrean, beste zeharkaldi bat diseinatu zuten Zarautzen bertan, Argiñano jatetxe parean bukatuz. Korrikako saioan, bestalde, Getariara joan-etorria egin izan zuten urte askoan. Inoiz golf eremutik ere pasatu zen ibilbidea. Bizikletari dagokionez, Zakila Birari hiru itzuli ematen zitzaion hasieran, eta gero Aiako aldaparen zatia gehitu zioten; aurten, trafikoa itxi egingo dute, eta zati hori kendu egingo dute.
Lehenengo urteetakoak igande goizetan izan ziren, baina larunbat arratsaldera aldatu zuten, triatletei hobeto zetorkielako. Ekainean jokatu izan da, noiz edo noiz uztailean ere bai, baina «klasika moduan», ekaineko bigarren edo hirugarren asteburua zehaztu zuten datatzat.
Zarauzko Triatloian garaian garaiko triatleta entzutetsuenek hartu izan dute parte. Hala eta guztiz ere, pasa direnen artean Dina Bilbao ondarroarrak utzi zuen arrastoa antolatzaileen bihotzean: «Emakumeetan onenetakoa izateaz gain, oso jatorra eta atsegina zen. Sinpatia berezia sortzen zuen herrian». Aurten, triatloiko lehen urteetako irabazle izan ziren Carlos Santamaria eta Iñaki Arenal etorriko dira 25. urteurrenekoa korritzera.
Antolatzaile beteranoak harro daude Zarauzko Triatloia aurrera ateratzeko egindako lanarekin, baina etapa bat bete zutela uste dute, eta jende gazteagoari utzi zioten tokia. Gaur egun, Zarauzko Triatloi Elkarteak antolatzen du. «Horrenbeste urte eta gero, pixka bat nekatuta geunden, eta momentu egokian utzi genuela uste dugu. Gainera, aldaketa ezin hobeto etorri zen, ikuspegi berriekin, eta parte-hartzeari bultzada garrantzitsua emanez. Triatloiak berak ere indarra hartu du kirol bezala, eta oso ongi ikusten dugu jarraipena».

«Zarauzko politena, oro har, giroa da»

Zarauzko Triatloiak irabazle bat baldin badu, hori Eneko Llanos (Gasteiz, 1976) da. Hamar bider igo da probako podiumera: zortzi aldiz irabazi du —azkeneko bostak jarraian—, eta bigarren eta hirugarren ere izan da. Iraupen luzeko triatloi probetan espezialista da, eta palmares ikaragarria du; besteak beste, 2008an Hawaiiko Ironman proban txapeldunorde izan zen, eta iaz Iraupen Luzeko Triatloian Europako txapeldun. Nazioarteko triatleta onenetakoa da, berriki Texaseko (AEB) Ironmanean erakutsi duen bezala. Zarauzko herriarekin lotura estua du aspalditik, eta bertako triatloia denboraldiko ezinbesteko hitzordu bihurtu du.
Zarauzko Triatloian garaipen gehien duen triatleta izanda, ezinbestekoa al da XXV. urteurrenekoan ere irabaztea?
Zarauzko Triatloia beti da berezia. Aurten, agian, pixka bat gehiago, urtemuga kontuan hartuta. Edonola ere, niretzat betidanik izanda proba garrantzitsua, eta parte hartu izan dudan guztietan beti saiatu naiz ahalik eta ondoen egin eta, noski, garaipena lortzen. Aurten ikusiko dugu nola moldatzen naizen, baina helburu, zalantzarik gabe, irabaztea da.
Urteurrenean bederatzigarren txapela janztea izango litzateke hori; seigarrena jarraian, gainera. Horrek Zarauzko proban aurkaririk ez duzula esan nahi al du?
Ez, aurkariak beti daude. Aurten, gainera, inoiz baino maila altuagoa egongo da. Beraz, inoiz baino zailagoa izango da garapena lortzea. Lasterketa egunean ikusiko dugu zer gertatzen den, baina inoizko lasterketarik gogorrena izango da. Aurreko urteetan baino zailagoa, alegia.
Horrek kezkatu egiten al zaitu?
Neure buruak nola erantzungo ote duen kezkatzen nau. Izan ere, duela bi aste Ironman proba jokatu eta irabazi egin nuen Texasen (AEB), eta Zarauzko probarako denbora tarte laburra izan dut atseden hartzeko. Ondorioz, nola errekuperatzen naizen eta ze sasoi puntuan iristen naizen, horrek kezkatzen nau. Ehuneko ehunean egotea zaila izango da. Aurkariei dagokienez, Timo Bratch alemaniarra oso indartsu etorriko da. Faborito nagusietako bat izango da. Era berean, Mikel Elgezabal gernikarra eta Mathias Hecht suitzarra ere ariko dira lehian. Parte-hartzaileen zerrenda ez dut behar bezala begiratu, baina punta-puntako hiruzpalau triatleta izango ditut alboan.
Aurten, urteurrenarekin batera, hainbat aldaketa egin dute ibilbidean; batez ere, bizikletako sektorean. Horrek nabarmen eragingo al
dizu?

Egia esan, ez dakit ziur. Zirkuitua lehen bezain gogorra da. Aiako igoera kendu dute antolatzaileek, baina, haren ordez, bizikletako azken kilometrotan Garate gaina igo beharko dugu. Ez da Aiako igoera bezain gogorra, eta, alde horretatik, pixka bat bigundu dute. Dena dela, proba jokatzen ari zarenean, gogorra egiten zaizu edozein aldapa. Ez dakit aldaketak eraginik izango duen ala ez, baina beti bezain exigentea izaten jarraituko du.
Aldaketak aldaketa, zortzi aldiz irabazi ondoren, probako ibilbidea buruz jakingo duzu, ezta?
Aurreko ibilbidea oso ongi ezagutzen nuen, bai. Aurtengoa zertxobait ezberdina da, baina Zarautz eta inguruak ongi ezagutzen ditut, eta urtero bezain ongi moldatzea espero dut larunbatean.
Zein da Zarauzko Triatloiko zure zatirik gustukoena?
Zarautzek duen politena, oro har, giroa da. Igeriketako zatia berezia da. Autobusa hartzen dugu parte-hartzaile guztiok Getariara joateko, eta hor, jada, triatleten artean sekulako giroa sortzen da. Horrekin batera, itsas zeharkaldia oso ikusgarria da. Baina herrian bertan topatzen dugun animazioa skulakoa da, eta uste dut hori dela Zarauzko probak duen bereizgarri nabarmenena.
Bereizgarri hori izan al da probaren jarraikortasunaren giltza?
Nik hala uste dut. Oso triatloi berezia da, eta Zarautzen sortzen den giroa eta jendearen etengabeko animoak nekez aurkitzen dira beste tokietan. Horrexegatik du oihartzuna, eta horrexegatik da parte-hartzaileen gustuko.
Zui dagokiozunez, Zarauzko Triatloia denboraldiko helburuetako bat al da, ala gerora jokatuko duzun beste proba baterako prestaketa?
Esan dezakegu Zarauzkoa ez dela denboraldiko helburu nagusietako bat. Izan ere, denboraldi hasiera Texaseko Ironman probara bideratu dut. Beraz, Zarauzko Triatloia ez datorkit urteko sasoirik egokienean. Edonola ere, urteko nire ohiko hitzorduetako bat da, eta beti nahi izaten dut erakustaldi ona eman bertan. Nahiz eta aurten nahi bezala ez dudan prestatu, beti da helburu. Zalantzarik gabe, podiumera igotzeko borroka egingo dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide