«Zarautzen arazo bat dago eta herritarrek hori konpondu behar dute». Horren harira, Pottorbero Mugimenduak datozen asteetako egitarau zabala antolatu du. «Homofobia eta transfobia dira arazoaren ardatz nagusiak, eta egungo errealitatea astintzeko asmoz hainbat ekimen antolatu dugu», diote mugimenduko kideek.
Hala, Giro gori gara gu-Homofobiarik ez lemapean, poesia emanaldia, liburu aurkezpena, festa eta beste hainbat jardunaldi izango dira etzitik aurrera.
Aukera sexual asko
«Aniztasun sexuala modu politikoki zuzenean defendatu behar den ideia», diote: «Zarautzen praktika lesbiano eta gay asko dago. Zientoka gara, eta gehiago izango gara etorkizunean. Askotan, ordea, praktika horiek ezkutatu egiten dira. Horregatik kostatzen zaigu gay, lesbiana eta transexualoi geure aukera onartu eta hori jakinaraztea». Horren aurrean, zarauztarrek pentsamoldea aldatu behar dutela nabarmendu dute.
Bestalde, praktika sexualen inguruko «normalizazio faltsua» dagoela diote: «Ustez guztia normalizatuta dago, baina gezurra da. Kalean zenbat aldiz entzun behar dugu marikoia edota puta irain gisa? Ustezko normalizazio horren atzea gatazka emozional ugari dago».
Herritarrek dute giltza
Horren aurrean, «jendartea eraldatu» behar dela adierazi dute: «Guztiok ikasi behar dugu sexualitatearen giltza gu geu garela. Guk erabaki behar dugu gaur norekin egon eta bihar zeinekin zer egin. Bizimodu hetero hertsia daramazuenoez ez duzue zertan harreman eredu esterotipatuetan erori. Denok dugu zer eraldatua, baita zeuk ere».
Hori hala, «gozamenaren aldeko» aldarria egin du Pottorberoen Mugimenduak: «Nork bere buruarekin gozatu eta aldamenekoa gozarazi».
«Homofobiaren aurpegiak»
Ekainaren 28a Gay, lesbiana eta transexualen askatasunaren nazioarteko eguna dela-eta, Homofobiaren aurpegiak izeneko erakusketa antolatu du EHGAM Euskal Herriko Gay-les Askapenerako Mugimenduak Putzuzulo gaztetxean ekainaren 15a bitartean. Ostiralean bisita gidatua izango da, 21:00etatik aurrera.
Antolatzaileekk homofobia, lesbofobia eta transfobia salatzeko zenbait kasu aukeratu dituzte. Dokumentatutako kasu horiek zenbait egoera, jarrera eta adierazpen islatzen dituzte. Antolatzaileen arabera, bisitariei «kezka s0rtuko zaie gay, lesbiana eta trasexualen aurka agertutako jarreren aurrean». Herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte.
Egitaraua
Ekainak 10, bihar
20:00. Aurkezpen performacea Musika Plazan.
Ondoren. Muxu kate kolektiboa plazatik gaztetxeraino.
Jarraian. Pikoteo-afaria Putzuzulon.
22:30. Desira desordenatuak liburuaren aurkezpen poetikoa, kabaret kutsuarekin. Bertan izango dira Kattalin Miner, Rikardo Arregi, Juanjo Olasagarre, Anjel Erro eta beste hainbat literatur munduko kide.
Segidan. Pottor ta Klito taldearen emanaldia.
Jarraian. KortayPega eta Umea MJ musika jartzaileekin festa.