
Kaixo mendizaleak!
Beste urte batez Pagoeta Eguna ospatzen da. Gaurkoan ere (igandean, hilak 5) jendetza egongo zarete gurutzearen inguruan kantuan, bordaren ondoan salda edaten, zelaian jarrrita hamaiketako ederra egten edota Pagoeta Mendizale Elkarteko kideen kasuan «jo ta fuego» lanean. Adin desberdinekoak, ideia askotarikoak, baina guztiok batzen gaituen mendi ederrean.
Aurtengoan fisikoki bertan egon ezin badut ere, idatzi honen bidez egoteko aukera esakini zidaten eta ezin izan diot uko egin. Asko da Pagoetan bizi izan dudana. Maitea dut tontor hau eta denbora eduki dudan bakoitzean igotzen naiz Josune eta Jaxpi nire lagun fidelaren laguntzarekin. Giro onarekin Larrun, Aiako Harria, Ernio, Gazume, Aizkori, Erlo, Indamendi… eta nola ez, itsasoaz gozatzeko dugun talaia pribilegiatuena da gailur eder hau. Nire aita zenaren omenez landatutako pagoa ere hor dago tente, gaurkoan gainera lore ederrekin apaindua ziurrenik, eta honek oraindik ere bereziagoa bilakatzen du niretzat mendi hau.
2013. urtera arte ordea ezingo dut ingurune honetaz gozatu. Zarauztar batek nahi izan duelako kartzelaratuak izan ginen Zaporra eta biok. Hau izan da Auzitegi Nazioanalean epaituak izatearen ondorioa. Anonimo batek frogarik gabe esan duena ontzat hartu eta zulora. Gehiegi gara dagoeneko auzitegi arrotz honen indarkeria jasan dugunok, eta honi aurre egiteko batzen ez bagara gehiago izango dira zoritxarrez.
Horregatik, gaurkoan Pagoetan atera daitekeen argazkia kontuan izanda, batu gaitezen guztiok norabide berean lan egiteko. Euskal Herriak benetako demokraziara jauzi egin behar du. Herritarrak gure eskuetan dugu bizi dugun egoera irauli eta askatasunean bizitzeko aukera. Bailatu dezagun aukera hau eta, gaurkoan bezala, elkarrekin eraiki dezagun egunsenti ederrenera garamatzan bidea.
Guk barrutik eta zuek kanpotik lortuko dugu! Ondo pasa, gozatu eguna eta gogoratu hor egoteko aukerarik eduki ez arren, Txuri, Ekaitz, Tximas, Zaporra eta Labi zuen artean gaudela, iheslari eta errefuxiatuekin batera, gure herri ederra behingoz askatzeko erabat prest. Muxuak.
Martutenen, Leonera urrutiratu bezperan, 2011ko maiatzak 18.
Aritz Labiano Labi. Zarautz.