Futbolaren inguruko euskarazko edukiak bilduko ditu ‘Futbolmamia’ webguneak

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 6a

Futbolaren inguruko edukiak euskaraz eskainiko ditu Futbolmamia aldizkari espezializatu digitalak. Webgunearen sortzaile Aitor Manterola zumaiarraren arabera, futbolaren esparruan gaztelania da nagusi. Hori dela eta, «euskara futbol zelaira sartzeko» beharra sentitu du. Irailean izango da abian aldizkari digitala. Eduki guztiak zehaztu dituztela dio; «tripak lantzen» ari dira orain. Futbolmamia-k kirolaren alderdi teknikoa landuko du, eta, horrez gain, aholkularitza zerbitzua ere eskainiko du mundu horretan dabilen ororentzat. Bestalde, kirolaren «benetako mamia» jorratuko du: «Asko hitz egiten da futbolaz, baino gutxik dakite benetako mamiaz. Ezaugarri guztiak landuko ditugu», azaldu du Manterolak. Euskarazko informazio falta Webgunearen sortzaileak futboleko entrenatzaile izateko ikastaroa egiten ari zela ohartu zen kirolaren inguruko «euskarazko informazio faltaz». Berria egunkariak teknologia berrien inguruko proiektuei zuzenduriko beka kaleratu zuen orduan, eta, horri helduz, futbol espezializatuko aldizkari digitala prestatzea erabaki zuen zumaiarrak. Beka lortu ez zuen arren, egitasmoarekin aurrera jarraitu du. Aitor Zulaika azpeitiarraren eta Mikel Arregi azkoitiarraren laguntza izan du bide horretan, baita futbol munduko pertsonaien kolaborazioa ere, Gaizka Garitano Realeko jokalari ohiarena eta Realeko kirol zuzendari Mikel Etxarrirena, besteak beste. Edukiak Hiru ildo nagusi izango ditu Futbolmamia-k. Batetik, futboleko lau oinarriak (taktika, teknika, prestakuntza fisikoa eta prestakuntza psikikoa) lantzeko ariketak eskainiko ditu. Horren harira, partida garrantzitsuak aztertu ko ditu: «Futbol taldeen jokaldien ezaugarriak aztertuko ditugu, tripak atera». Horrez gain, beheko mailako taldeei ere kasu egingo dietela nabarmendu du Manterolak: «Zentzu horretan, ez gara eliteko taldeetan eta jokalarietan soilik zentratuko. Hirugarren mailako talde batek partida baldin badauka, aurretik lantzen lagunduko diegu». Hala, aurkarien jokatzeko modua grabatuko dute, eta txostenak prestatu, haien aurkako partida prestatzeko. Bestetik, aholkularitza zerbitzua eskainiko du. «Herritako futbol elkarteetan-eta zenbait esparru ez dira lantzen beharko liratekeen bezala. Hori dela eta, entrenatzaileei ikastaroak eskainiko dizkiegu, hitzaldiak antolatu.. haien formakuntza osatze aldera», dio webgunearen sortzaileak. Eraberean, kirol horren inguruko informazioa euskaratzea izango dute xede. Ekin lehiaketan finalista Urola Kostako Udal Erakundeak urtero antolatzen duen Ekin enpresa ideien lehiaketan finalista geratu zen Aitor Manterolaren Futbolmamia webgunea. Ostiralean banatu zituzten sariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide