Urkomek 380.000 euro jasoko ditu landa eremuan garapena bultzatzeko

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 3a

Diputatuen Kontseiluak Eskualdeetako Landa garapeneko 2011ko programak diruz lagunduko ditu, eta, guztira, 1.696.000 euro bideratu ditu. Gipuzkoako sei elkarteei emango die diru-laguntza, horien artean Urkomeri, Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteari. Gipuzkoako Foru Aldundiak Behemendiri, Deba-Garaiari, Goimeni, Tolomendiri eta Urkomeri lagunduko die. Urkomek 380.843,02 euro jasoko du aurten. «Eskualde guztian barrena egingo diren proiektuetara zabalduko dugu laguntza», adierazi du Urkomeko teknikari Iurre Peñagarikanok. Honenbestez, eskualdeko elkarteek eta Udalek aurkeztu dizkieten proiektuei laguntza emango die Urkomek, proiektuak elkarlanean osatuz. «Udalek landa eremuetan inbertsioak egin ditzaten saiatzen gara, landa eremurako sentsibilitatea ez daukaten horiek ere zerbait egin dezaten», gaineratu du. Inbertsioetarako irizpideak Aipatu diru-laguntza hainbat arlotan inbertitu dezakete elkarteek: Oinarrizko azpiegituretan; hornidurak eta zerbitzuak sortu eta hobetzeko (landa bideak, elektrizitatea, edateko ura, telekomunikazioak, eskola garraioa, eta abar); kalitateko bertako produktuak merkaturatzeko; lana eta diru sarrerak gehitzearren, landa aldeetan jarduera motak ugaritzeko; balio historiko, artistiko, etnografiko edo kulturala duen landa aldeko ondarea babesteko; eta, azkenik, baserri giroko turismoa eta eskulangintza bultzatzeko. Helburu horien alde hainbat kontu sail jasotzen da Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko aurrekontuetan, eta Gipuzkoan kokatuta dauden landa garapenerako elkarteen lankidetza behar denez, programetan aurreikusitako ekintzak burutzeko baldintzak arautuko dituen hitzarmen bana sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarte guztiekin. Mendi aldea garatu Ia Gipuzkoako lurralde osoa mendi alde edo alde kaltetua da Europako Batasuneko egungo araudiaren arabera. Gipuzkoako Foru Aldundiak dioenez, «landa alde horiek erabat gara daitezen, dagozkien neurriak hartu eta jarduera programak erabaki behar dira». URKOMEREN PROIEKTUAK Eskualdean -Aia. Bide bat konpondu, eta ur horniduran lanak. -Aizarnazabal. Bi bide konpontzea. -Azkoitia. Landa eremuko auzo bateko errepidea konpontzea. -Azpeitia. Eskola garraioa sustatu eta hiru bide konpontzeko lanak. -Beizama. Eskola garraioa sustatu eta Natur Eskolaren eraikuntzan inbertsioak. -Errezil. Bi azoka berezi antolatzea; eskola garraioa sustatzea; baserrien seinalizazioa; eta bi bide konpontzea. -Getaria. Bide bat konpontzeko lanak. -Orio. Bide bat konpontzea. -Zarautz. Bide bat konpontzea. -Zestoa. Bi eskailera; auzo baten ur hornidura; eta bide bat konpontzea. Bestelakoak -Urkome. Urkome Sarietara, proiektu piloto batera eta plastikoak biltzeko proiektura bideratuko dute diru kopuru bat. -Hitzez elkartea. Landa eremuko emakumeen elkarteak Aian duen egoitza egokitzeko inbertsioa

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide