Hurrengo astean Balentziaga Museoa inauguratuko dutela-eta, Getariako hainbat errepide itxi egingo dituzte ibilgailuentzat datorren astelehen eta asteartean. Astelehenean, hilak 6, Balentziaga kaleko 11 eta 13 zenbakien artean eta Lormendi kalean ezin izango da aparkatu 08:00etatik aurrera, garajeetara joateko ez bada. Halaber, Sahatsaga kalean galerazi egingo dute aparkatzea. Hala ere, aparkaleku pribatuetan kotxea utzi ahal izango da, eta bertako bizilagunek, langileek eta ikastolako langile eta erabiltzaileek ere aparkatu ahal izango dute.
Asteartean, hilak 7, Sahatsaga kalean dauden ibilgailu guztiak kendu eta Gaztetape hondartzako aparkalekura eramango dituztela jakinarazi du Ertzaintzak. Horrez gain, egun horretan ez diete kale horretara sartzen utziko, bertatik oinez dabiltzan bizilagunak, obretako langileak, ikastolako langileak eta erabiltzaileak edo eraikin barrura aparkatzera doazenak ez badira. Ertzaintzaren arabera, goizeko azken orduan kale guztia moztu dezakete, eta ez dute zehaztu noiz irekiko dute berriro. Hala ere, neurri horiek guztiak 16:00ak inguruan amaituko direla jakinarazi dute.