Indaux enpresako langileen komiteak kaleratu duen prentsa oharraren arabera, Indaux SAUk 3 urte pasatxo darama enpresa hitzarmenik gabe. Aurretik sinatutakoa, 2007an enpresaren zuzendaritzak salatu ostean, ez delako 2011 arte negoziatzerik izan.
Tartean, fondo-desbideraketa eta ERE bat izan dira, izandako kaleratze batzuez gain. Hori gertatu den bitartean, Indauxko langileek ez dute mobilizaziorik egin, nahiz eta haien ustez nahikoa arrazoi bazen horretarako, baina hitzarmenari eustearren ez dira mugitu.
2010a amaitzear zela, ordea, zuzendaritzak hitzarmen baten beharra helarazi zion langileen batzordeari. 2011ko otsailaren 22an, 14 puntuko proposamena aurkeztu zuen batzorde horrek eta, 4 bilera egin ostean, zuzendaritzak negoziazio mahaia utzi egin du, 14 puntu horietatik bat bera ere onartu gabe, langile batzordearen esanetan.
Hori dela eta, mobilizazioak egingo dituztela erabaki dute langileek, datozen bi ostegun eta ostiraletan, zuzendaritza negoziazio mahaira bueltatzeko eskatuz.
Lan Hitzarmen duin eta onuragarri bat nahi dute bi aldeentzat langileen komitekoek, eta beti negoziaketarako prest egongo direla adierazi dute.