Kultur adierazpenerako kalitatezko espazioa finkatzea du helburu Ariola Kultur Ekimenak, «herriko hainbat eta hainbat talderen lanen sormenerako eta elkartrukerako». Hala,kultur arloko baliabideen «gabeziari» erantzuteko jaio da Ariola. «Oraingoz» egitasmoa den arren, espazio sozio-kultural berria izan nahi du: «Espazio berri eta ezberdin bat, espazio orijinal eta erakargarri bat, herriko kultur beharrak aintzat hartu eta herriko jendearen interesak asetuko dituena». Egitasmoa aurrera eraman ahal izateko Putzuzulo alboko Lizundia eraikina da, Ariolako kideen ustez, «kokaleku aproposena».
Azken urtean hausnarketetan murgilduta jardun ostean, egitasmoa zehaztu dute eta etzi egingo dute haren aurkezpena. 18:00etan Musika Plazan elkartuko dira Ariola Kultur Ekimeneko kideak eta mozorroak soinean eta bizikleta gainean herrian zehar kalejira koloretsua egingo dute. Hala. Alde Zaharreko plazatik abiatuta, herriko zenbait gunetan geldituko dira, bertan askotariko erakustaldiak izango baitira, breakdance ikuskizuna, antzerkia eta musika emanaldia, besteak beste. Herritarrak bertan parte hartzera deitu dituzte.
19:30ak aldera egingo dute aurkezpena, Musika Plazan. Eguna borobiltzeko, 22:00etatik aurrera kontzertuak antolatu dituzte Putzuzulon, Nux Vomika, Unicornibot eta Duossemicorcheas Invertidas taldeen eskutik.
Elkartrukerako puntua
Iaz sortu zuten mugimendua da Ariola, «herrian dauden kultur azpiegitura hutsunetik abiatuta». Interes bera duten Zarauzko hainbat kultur talde, eragile eta norbanako bildu ziren hala. Udaberri aldean lehenengo bilerak egin zituzten eta pixkanaka proiektuaren nondik norakoak egituratu dituzte. Horretarako, hainbat eragilekin elkartu izan dira,haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko. «Azkenean Ariolaren helburu nagusia, nahiz eta espazio fisiko batean zentratu herriko beharrak asebetetzeko, herriko mugimendu kulturalak elkartuko dituen puntua finkatzea da, elkar komunikatu eta batek bestearengan eragina izan dezaten», adierazi du Ariolako kide Hodei Estebanek.
«Egun ez dago herriko mugimenduak batzen dituen toki komunik», nabarmendu du Iñigo Artetxe kultur ekimen berriko kideak. Ildohorretatik, «hutsune» hori betetzea beharrezkotzat jotzen dute taldekideek, Horretarako Lizundia eraikinean jarri dute abiapuntua. Hala ere, «zaila» ikusten dute proiektua bertan gauzatu ahal izatea, «Udalak bertan duen plan urbanistikoa eta beste zenbait arazo tekniko medio».
Dena den, proiektuarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa hartu dute Ariolako kideek: «Ariola Lizundian gauzatzea lortzen ez badugu ere, proiektua ez da bertan behera geratuko; izan ere esportagarria da». Estebanen arabera, herrian badira zenbait azpiegitura martxan eta horiek sendotzeko balioko luke, Lizardi Antzokia, Modelo Zinema eta Ebro Etxea, esaterako».
Putzuzulo eredu
Putzuzulo gaztetxea dute eredutzat, besteak beste, Ariolako kideek. Gaztetxeak herrian «bizirik diren proiektuak, jaiotzeko direnak, akaso hil ziren batzuk eta oraindik asmatzeke daudenak biltzeko, gurutzatzeko eta nahasteko grina eta kemena» badagoela erakutsi du. Bide horretan lanean jardungo du Ariolak, «sortzen, ehuntzen, josten, lantzen. Aritzen, finean».
