Bretainian mundu osoko itsasontziak eta itsas munduko ordezkariak elkartu dira asteotan, La Semaine du Golfe de Mor Bihan (Mor Bihan Golkoko Astea) topaketan. Aurtengo topaketak Euskal Herria du gonbidatu berezia, eta, hori dela eta, Urola Kosta eskualdeak erebadu bere presentzia. Albaola Itsas Kultur Erakundearen bidez, Getariak tarte berezia izango du, esaterako; izan ere, Juan Sebastian Elkanoren inguruko stand-a jarri dute bertan, besteak beste. Halaber, herriko hamabi lagun ere joan dira jaialdira. Udal ordezkariak eta ostalaritza munduko jendea dira gehientsuenak. Horiek gain, Xabier Alberdi historialaria zarauztarra ere bertan da. Baita Euskal Bateleroen Elkarteko bost ordezkari zumaiar ere.
Itsas kulturaren inguruko topaketa egiten dute Bretainian bi urtetik behin. Aurtengoan, Euskal Herriko hogei itsasontzi eta 180 marinel gonbidatu dituzte topaketara. Jon Maia Albaolako komunikazio arduradunak azaldu duenez, orain arteko «Euskal Herriko itsas munduak izan duen ordezkaritzarik zabalena» izan du topaguneak.
Euskal Herriaren eguna
Maiatzaren 30ean abiatu zuten ekimena, eta hilaren 5era arte iraungo du. Hala ere, atzo egin zuten Euskal Herriko eguna, eta tipagunea bisitatu zutenek «interes handia» erakutsi zutela esan du Maiak. Euskal itsasgintzaren inguruko postuak jarri zituzten, eta ikusgai izan ziren egun osoan. Gauean, berriz, euskal ordezkari publikoei harrera egin zieten; Andoni Aristi Getariako alkateari, besteak beste. Gauean, berriz, jaialdia egin zuten, dantza, dultzainero eta trikitilariekin. Zumaiarraren arabera, 300.000 lagun espero zituzten atzokoan, eta goizean goizetik «jendetza» gerturatu zen euskal kultura bertatik bertara ezagutzera. Horiez gain, 500 lagunentzako «euskal jantokia» ere prestatu zuten.
Albaola elkarteak euskal itsasgintza mundura zabaltzea du helburu, eta, horretarako, Euskaldunak eta bakailaoaren arrantza eta Euskaldunak eta Ternua erakusketak zabaldu ditu.
Itsasgintzaren inguruko jardunaldia izanik, ontziek ere presentzia nabarmena dute. Hala, tamaina eta mota guztietako 1.200 itsasontzi inguru ibili ziren atzo egun guztian zehar Marbihan eskuladeko itsasoan.
Maiaren esanetan, Albaola elkarteak «aspalditik» du harreman handia Bretainiarekin: «Bretainia itsas kulturari dagokionean oso aurreratuta dago. Itsasoa izugarri bizi dute, eta euskaldunekin ere partekatzen dute kultura hori; izan ere, Ternuara arrantzara joatean euskaldunek eta bretainiarrek askotan egiten zuten topo, duela 400 urte», azaldu du.
Aspaldiko harreman horren ondorioz, euskal itsasgintzari «tratamendu berezia» eman nahi izan diote antolatzaileek, eta horregatik gonbidatu dute Euskal Herria.
Itsas bloga, Maiaren hitzetan Albaolako kideek eta Euskal Herriko ordezkariek Bretainian bizi duten esperientzia zabaltzeko asmoz, elkarteak webgunea zabaldu du: www.albaola.org. Bertan, elkartearen eta itsasgintzaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Itsasotik begira bloga sortu du. Jon Maia zumaiarrak du hori elikatzeko ardura: «Egunotako giroa azalduko dut egunero, eta albisteak ere sartuko ditut». Bertsolariaren esanetan, itsas arloan «erreferentzia» izatea da webgunearen helburua. Horretarako, topagunea amaitzen denean ere blogaren bidez komunikatzen jarraituko duela aurreratu du, eta gaiaren inguruko albisteak, erreportajeak edota elkarrizketak egingo dituela azaldu du zumaiarrak.