Odol analisi sinple batek bizia salba diezaioke pertsona bati. Horregatik oso garrantzitsua da besoak gurutzaturik ez geratzea». Bert Kaizmarekek ez ditu besoak gurutzatuko, ez semearentzat hezur muin emaileren bat aurkitu artean, bederen. Erik Kaizmarekek zortzi urte ditu, eta bigarren aldiz LLA Leuzemia Linfoblastiko Akutua diagnostikatu diote. Hiru hilabeteko epea du emaile bateragarri bat aurkitu eta erabat sendatzeko. «Aukera gutxi dago Erikentzat emaile egokia aurkitzeko. Aurkituta ere, ezin da ziurtatu semearentzat izango denik emailea, gainera. Izan ere, legearen arabera, emailea unibertsala izango da, eta edonori egokituko zaio hezur muina», dio Karizmarek.
Bertako eta atzerriko hezur muin transplante erregistroan bila hasi diren arren, «bidea luzea» da. Hala ere, esperantza du aitak: «Ahalik eta emaile gehien lortzea da gure helburua, Eriki laguntzeaz gain, beste hainbat gaixori bizia salba baitiezioke horrek». Emaileak egin beharrekoa «ezer gutxi» da: «Jendeak prozesu konplexua eta arriskutsua dela uste du. Ez da hala. Finean, odol lagina ateratzea besterik ez da. Hori egitearekin bakarrik asko aldatu daiteke leuzemiadun pertsona baten bizi esperantza».
Urteak borrokan
Lehenengoz 2008ko maiatzean atzeman zioten haurrari leuzemia. 2010eko Gabonak ingurura arte kimioterapia tratamendua ezarri zioten orduan. Gerora, hainbat botikarekin egoera hobetuz joan zen, eta 2011. urte hasierarako guztiz osatu zen. «Halakotan bost urte behar izaten dute gaixoek guztiz sendatzeko. Erikek otsailerako ez zuen apenas leuzemia zelularik, ordea. Osatuta zegoen».
Apirilean, ostera, «amesgaiztoa itzuli» egin zen. «Erikek buruko mina zuela-eta, beldurtu egin ginen. Medikuarengana joan, eta leuzemia zelulak ugaldu egin zirela jakinarazi zigun», dio Kaizmarekek. Kimioterapia tratamendua jarri zioten orduan, hilabeterako. Laster amaituko du: «Indartsu gaude. Haurra gogorra da, eta bere egoera nahiko egonkorra. Askotan etortzen gara etxera».
Behin lehenengo fasea amaituta, bigarrengoari ekingo diote: «Beste kimioterapia mota bat ezarriko diote hemendik gutxira, gogorragoa». Hala, «indarrak berreskuratzeko» astebete etxean eta beste astebete ospitalean pasatu beharko du Erikek, tartekatuz. Iraila inguruan bukatuko dute bigarren tratamendua.
Bide luzea
Gerora, Madrilera edota Bartzelonara joan beharko du familiak, bi hiriotan soilik tratatzen baitituzte halako kasuak. Bertan ebakuntzarako prestatuko dute haurra hilabetez. «Sistema inmunologikoa egokituko diote, eta ebakuntzarako prestatu», azaldu du Kaizmarekek. Hori dela eta, hiru hilabeteko epea dute hezur muin bateragarria topatzeko.
Emaile egokia aurkituta ere, «zailtasunak» sortu daitezkela dio Kaizmarekek: «Zelula ama txertatu ondoren, fase arriskutsua hasten da gaixoarentzat. Haurrak ez du defentsarik eta babes osoa behar du, infekziorik-eta harrapa ez dezan». Bestalde, gorputzak berak zelula berriak errefusa ditzake, edota zelula horiek izan daitezke «arazoa»: «Batzuetan zelula berriek ez dute bere tokia aurkitzen gaixoaren gorputzean. Hori dela eta, erasotu egin dezakete».
Hori «oso txarra» litzatekeela dio gaixoaren aitak: «Ekiditen saiatuko gara, baina askotan ezin da guztiz saihestu».
Babes psikologikoa
Hori hala, Eriken gurasoak «ahal duten guztia eta gehiago» egiteko prest daude semea sendatu ahal izateko. Haien beharraren berri eman dute hainbat bidetatik, eta jende askok erantzun du: «Harrituta gaude jendeak emandako erantzunarekin. Elkartasun handia erakutsi digute askok, eta poztekoa da, oso». «Bihotzez eskertu» diete «semeari lagundu eta laguntzeko prest agertu diren guztiei». «Ezezagun asko hurbildu zaizkigu, jendeak kaletik goazela gelditu, eta lagunduko dutela esan digu. Zenbaitek orratzei beldurra izanda ere probak egingo dituztela jakinarazi digute».
Era berean, gurasoei «animoak eman eta babesa eskaini» dieten guztiekin «zorretan» daudela jakinarazi du Karizmarekek.
Emailea topatze lanetan jardutea, Eriki laguntzez gain, haiei ere «psikologikoki mesedea egin» diela jakinarazi du aitak: «Lan horretan murgiltzeak asko lagundu digu psikologikoki. Aurrera jarraitu ahal izateko indarrak eta motibazioa eman dizkigu». Ildo horretatik, emaileren baten zain «besoak gurutzatuta geratzea» dela egin daitekeen «okerrena» gaineratu du: «Horrek ez du ezertarako balio. Borrokatu egin behar da; eskura duzun guztia egin».
Prozedura
Emaileek jarraitu beharreko pausoak
Emaila bidali. 18-55 urte bitarteko orok maite.iguainlopez@osakidetza.net helbidera haren datuak igorri beharko ditu: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa.
Informazioa jaso. Behin datuak igorri ostean, Donostiako Transplante Koordinadorak prozesuaren inguruko informazio osoa bidaliko du.
Odol lagina atera. Prozesuarekin aurrera jarraitu nahi dutenei odol lagina aterako diete, eta analiziak egin. REDMO Hezur Muin Emaileen Erregistroan sartuko dute haren kasua, gaixoren batek behar izan arte.