Andatzatik gora, ziztu bizian

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 30a

Aitor Zabaleta zen Aiako IV. Auto Igoerako faboritoa, eta ez zuen hutsik egin larunbatean. Bigarren urtez jarraian izan da Andatza auzotik herrigunera iristen azkarrena. Aise irabazi zuen, formula klasean, baina iaz jarritako markatik nahiko urrun geratu zen gidari bergararra. «Aurten, itzala egingo zion aurkaririk ez du izan, eta apur bat lasaixeago osatu du ibilbidea», adierazi du Ugartemuño kultur elkarteko kide eta antolatzaileArkaitz Iruretagoienak. Turismoetan, berriz, Aitor Ibon Ramirez izan zen irabazle, nahiz eta lasterketa orokorrean hirugarren sailkatu. Antolatzaileak «gustura» geratu dira larunbateko jardunaldiarekin: «Dena primeran atera zen. Eguraldia lagun izan genuen, eta, egia esan, jende asko hurbildu zen lasterketa ikustera». 60 auto-gidarik eman zuten izena lasterketan, baina azkenean 56 hartu zuten parte; horien artean, Gorka Eizmendi aiarrak. Tamalez, ezin izan zuen proba bukatu. Matxura baten erruz, lasterketa utzi egin behar izan zuen. Ugartemuño kultur elkartearen ustez, Aiako igoera sona hartzen ari da pixkanaka-pixkanaka: «Balorazio ona egiten dugu, eta gure asmoa datozen urteetan antolatzen segitzea da». Era berean, laguntzen aritu ziren guztiak eskertu ditu elkarte antolatzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide