Ia lau asteko grebaren ostean, ikastetxe publikoetako jangelak normaltasunera itzuli dira.
Ostegunean amaitu zuten lanuztea jangeletako langile pribatuek, LAB eta ELA sindikatuek enpresekin aurreakordioa sinatu ondoren. Borroka «gogorra» izan dela adierazi dute jangelatako
langileek. «Pozik eta harro» daude egin duten lanarekin, bidea «zaila» izan bada ere.
Sutsu aldarrikatu duten arren, azkenean ez dute lortu soldata lan berbera egiten duten behargin publikoekin parekatzea. Soldatak %97,5 parekatzea adostu dute. Hala ere, pozik daude
Parekatze hori urratsez urrats egingo dute. Alegia, %97,5 hori 2013-2014ko ikasturteko soldatetan nabarituko dute. Bukatzear den ikasturtean %95ekoa izango da, hurrengoan %95,83koa, eta 2012-2013koan %96,66koa. Iaz eta duela bi urte kobratu gabe utzitako zenbatekoak ere ordainduko dizkiete. Azken batean, hitzarmena sei ikasturterako da: 2008-2009tik 2013-2014ra.
Horrez gain, ikasturte bakoitzean hemezortzi ordu izango dituzte langileek zereginetarako. Izan ere, hitzarmena lortu arte, lan ordutik kanpo egiten zituzten hainbat zeregin. «Orain arte itunak ez zituen baldintzak jasotzen, beraz, edozein momentutan ukatzeko arriskua genuen. Gainera, lan ordutan ezin genuen haurrentzako txostenak egin, lana antolatu, edo bilerak egin». Eta hori hala, eginbehar horiek guztiak aparteko orduetan burutzen zituzten, eta ez zituzten ordu horiek kobratzen.
Formaziorako ere beste sei ordu izango dituzte aurrerantzean. Justifikatutako jardueretarako— sendagilearengana joateko, esaterako— ikasturte bakoitzean hamabi ordu izatea sinatu dute. Borrokak izan duen balioa nabarmendu dute.

Zarauzko Orokieta Herri Eskolako jangelako langileek adierazi dute gurasoek, oro har, babes handia eman dietela. Horrez gain, «gustura» daude ikastetxeak eskaini dien sostenguagatik, baina kalean era guztietako iritziak jaso dituztela diote.
Grebaren nondik norakoak azaltzeko, langileak guraso elkarteko kideekin bildu ziren. Orain, protesta amaituta, guraso askok «zoriondu» egin dituztela diote.
Erabakia «pozez eta lasaitasunez» hartu dutela jakinarazi du Maite Lizartzak, Orokietako Guraso Elkarteko lehendakariak. Hamalau langilek egin dute greba Zarauzko eskola publikoan, eta 102 ume egon dira jangela zerbitzurik gabe azken asteetan. Izan ere, bi eta hiru urteko haurrentzat gutxieneko zerbitzuak izan dira. «Familientzako egoera zaila izan da, eta gurasoentzat sakrifizio handia, zenbait kasutan. Azkenean, irtenbidea aurkitu dute, ordea», dio lehendakariak. Gurasoek elkartasun handia erakutsi diete elkarri. Hala gaineratu du Lizartzak: «102 haurretatik 15entzako baino ez zegoen jangela zerbitzua, eta antolatzerako orduan elkartasun handia erakutsi dute». Hala ere, «gatazka zaila» izan dela dio guraso elkarteko lehendakariak: «Gurasoek zerbait egiteko eskatzen ziguten, baina elkartetik ezin genuen ezer egin».
Lizartzak dio langileek greba egiteko zuten eskubidea «ulertu» dutela guraso askok, eta ez zutela «haien aurka aritu nahi». Hala ere, mota guztietako iritziak izan direla aitortu du, eta guraso batzuk ez dituztela greba egiteko arrazoiak ontzat eman. Izena eman nahi izan ez duen Orokietako guraso baten ustez, esaterako, langileek «informazio gutxi» eman diete. Grebak «kaltea eragin» duela dio: «Ez dut uste behar beste arrazoi zutenik grebarako, eta, ondorioz, kaltetuenak gurasoak izan gara».
Horren aurrean, guraso talde bat sinadurak biltzen hasi da, Ausolani helarazteko asmoz. Enpresa horrek eskaintzen du jangela zerbitzua eskolatan.
Aurreakordioa medio, hiru urteko gatazkari amaiera eman diote ikastetxe publikoetako langileek. 2008. urtean hasi ziren hitzarmena berritzeko eskatzen, eta ordutik hainbat grebaldi egin dituzte, tartekatuta.