Suzuki Donostiako eskolako biolin-jotzaileek kontzertua eskainiko dute igande honetan (maiatzak 29) Zarauzko malekoian, Japoniako Fukushimako biktimei elkartasuna adierazteko asmoz.
Kontzertuan Zarauzko zortzi haur ere izango dira, beste hamabost lagun ingururekin batera. Suzuki Japoniako metodoa ikasten dute eskola horretako ikasleek; antolatzaileek adierazi dutenez, ikasleek musikaren eduki guztiak buruz ikasten dituzte. Halaber, metodo goiztiarra dela adierazi dute; beraz, kontzertuan 3 eta 15 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte.
Malekoitik Fukushimara
Suzuki eskola Japoniarekin harremanetan izan ohi da. Herrialde horrekin bat egin nahi izan dute, eta horretarako musika tresnak kalera ateratzea erabaki dute. 12:00etan izango da emanaldia, eta bertaratzen direnen borondatea jasoko dute antolatzaileek, ondoren dirua Japoniara bideratzeko.