Alkoholismoa, oro har, ageriko arazoa da. Baina gaixotasuna dutenen familiartekoei izugarri kostatzen zaie etxean kasu bat dutela aitortzea. Egoera berean gaudenok elkartzen garenean, ordea, konfiantza osoa izaten dugu arazoa partekatzeko. Elkar ulertzen dugu, eta hori da garrantzitsuena», dio Al-anon elkarteko kide batek.
Zumaiako Al-anon elkarteak hogeita bost urte darama pertsona alkoholikoen ingurukoei laguntzen. Elkarteko kideek txoko bat izatea lortu dute, beren arazoen inguruan «modu lasaian» hitz egin dezaten. Elkartearen urteurrena ospatuko dute bihar Zumaian. Horren aitzakian, gaiaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Brankan, 18:00etan.
Alkoholismoak senideei nola eragiten dien azalduko dute Cristina Saenz de Arregi psikiatrak, bi pertsona alkoholikok eta elkarteko bi kidek. Bakoitzak bere ikuspuntutik jorratuko du fenomenoa. Hitzaldia herritarrentzat guztiz irekia izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Astean bitan elkarten dira elkarteko kideak, eta bakoitzak bere arazoak partekatzen ditu. Elkartearen oinarrizko araua anonimotasuna da: «Bileran esandakoak bileran geratzen dira». Terapiak irekiak dira, eta parte hartzeko balditza bakarra bete behar da: Alkoholismoa jasaten duenaren senidea, laguna edo ingurukoa izan behar da.
Al-anon elkarteko kide batek adierazi du terapia hori «ezinbestekoa» dela gaixoaren familiarteko, lagun edo ingurukoentzat. Argi dute alkoholikoak «gaixoak» direla, baina «ez direla errudunak» ere badakite. Horregatik, alkoholikoek ez ezik, ingurukoek ere ohiturak aldatu behar dituztela nabarmendu du kideak: «Norberak hasi behar du aldatzen, gaixoa alda dadin nahi badugu, behintzat. Hala ere, irtenbiderako bidea guztien artean egin behar dute, eta horretarako garrantzitsua da senidearen nortasuna indartzea».
Ez da beharrezkoa bilera guztietara joatea. Hala ere, jarraipenak «indarra» ematen dio senideari: «Bizitzan gogorra izateko mina kendu behar da, baina horretarako kemena izan behar da», dio elkarteko kideak.
Duela hogeita bost urte sortu zen elkartea, baina garai hartan Zarautzen elkartzen zirela gogoratzen du kideak. Ondoren, Zumaian biltzen hasi ziren, eta, ordutik, asteazkenetan 20:00etan, eta larunbatetan 19:00etan elkartzen dira, Parrokia etxean. «Bakoitzaren kezkak azaltzen ditugu elkartzen garenean, horretarako konfiantza osoa dugulako. Kide berriei, ordea, kosta egiten zaie hasieran, eta animatu egiten ditugu. Elkartasuna oinarrizkoa da».
Bilerateako parte-hartzeari dagokionean gorabeherak izan direla adierazi du senideetako batek. Hala ere, hasierako funtzionamendu bera dute. «Arau irmoak» ditu elkarteak. Kidearen ustez, askok hondoa jotzen dutenean jotzen dute elkartera. «Beti gertatu izan da hori; izugarri kostatzen zaigu». Egun gaiaren inguruan «tabu handia» dagoela adierazi du, baina pixkanaka gaia «askatzen» ari dela nabari du.