Diziplina batek bestera eramaten du. Hala dio, behinik behin, Jon Maia (Errenteria, 1977) koreografo gazteak. Kukai dantza taldeko kidea da, eta Amaren Alabak eta Oreka TX musika taldeekin batera musika, abestiak eta dantza uztartzen dituen Hostoak ikuskizuna osatu du. Laupabost emanaldi eskaini dituzte dagoeneko, eta errenteriarra oso gustura dago izandako erantzunarekin: «Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen du». Bihar Kiroldegian dute hitzordua. Maiak ilusio handia du, gainera: «Zarautz oso plaza berezia da».
Duela gutxi abiatu duzue egitasmoa, eta kritika oso onak jaso dituzue dagoeneko. Zein harrera espero duzue Zarautzen?
Dagoeneko laupabost emanaldi eskaini dugu, eta oso gustura gaude izan dugun erantzunarekin. Egia da kritika onak jaso ditugula; horrek animatu egiten zaitu lan horretan jarraitzera. Zarautzi dagokionez, oso plaza berezia dela deritzot, eta ilusioa dut bertan dantzatzeko. Hitzordu ona izango dela uste dut.
Hainbat diziplinatatik sortutako ikuskizuna da Hostoak. Nola uztartu dituzue musika eta dantza emankizunean?
Egia esan, oso modu naturalean osatu dugu ikuskizuna. Finean, diziplina batek bestera eramaten zaitu eta ongi uztartzen dira euren artean. Ez dugu inolako zailtasunik izan horretan.
Nondik abiatuta sortu duzu koreografia?
Musika eta koreografia, biak aldi berean egin ditugu. Batzuetan dantza zegoen lehenagotik, besteetan musika. Esan bezala, batak bestera eramaten zaitu, eta hala osatu dugu ikuskizun osoa.
Zer adierazi nahi izan diezue ikusleei ikuskisunarekin?
Ez du lerro zehatzik. Festa du oinarrian, hori da islatu nahi duguna: festa handi bat.Askotariko puntuak ditu, puntu intimoak, umore puntuak, ilunak… Ez du mezu garbirik. Hogei pertsona gara taula gainean askotariko sentimenduak diziplina ezberdinen bidez azaleratzen.