Suzuki Donostiako eskolako biolin-jotzaileek kontzertua eskainiko dute igandean Zarauzko malekoian, Japoniako Fukushimako biktimei elkartasuna adierazteko asmoz.
Kontzertuan Zarauzko zortzi haur ere izango dira, beste hamabost lagun ingururekin batera. Suzuki Japoniako metodoa ikasten dute eskola horretako ikasleek; antolatzaileek adierazi dutenez, ikasleek musikaren eduki guztiak memorizatu egiten dute. Halaber, metodo goiztiarra dela adierazi dute; beraz, kontzertuan hiru eta 15 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte.
Suzuki eskola Japoniarekin harremanetan izan ohi da. Herrialde horrekin bat egitea nahi izan dute, eta horretarako musika tresnak kalera ateratzea erabaki dute. 12:00etan izango da emanaldia, eta bertaratzen direnen borondatea jasoko dute antolatzaileek, ondoren dirua Japoniara bideratzeko.