Erik zortzi urteko zarauztarrak hezur muina behar du. Leuzemia du haurrak eta hiru hilabeteko epea du transplatea egin ahal izateko. Euskadi Irratian adierazi dutenez, umea “egoera onean dago, gogorra da”. Bihar amaituko du tratamenduaren lehenengo fasea, kimioterapia. “Bigarrengo fasea, berriz, serioagoa izango da, oso fuertea”, adierazi dute.
Lortu nahi dena “leuzemia zelula guztiak hiltzea” da. Bide luzea du aurretik, Madrilera-eta joan beharko dute familiartekoek. Hiru hilabeteren epean amaituko dute bigarren fase hori, eta zelula guztiak hiltzea lortuz gero, transplantea egin ahalko diote. Puntu horretan beharko du laguntza familiak; izan ere, senideetariko inork ez du medula bateragarririk. Hezur muin bila dabiltza, beraz.
Emaileek 18 eta 55 urte bitartekoak beharko dute izan. Interesa dutenek maite.iguainlopez@osakidetza.net helbidera bidali beharko ditu datuak, Donostiako Ospitaleko transplante koordinatzaileari, hain zuzen. Prozesua “oso sinplea eta erraza” dela esan dute: ospitalera joan eta odol analitika besterik ez da egin beharko. Behin emaitzak eskuetan, hezur muin bateragarririk baden ikusi beharko da.