Belaunaldi baten dilema moralaren isla

Zarauzko Hitza 2011ko maiatzaren 26a

H istoriaren pitzaduretatik sortutako nobela moralista», horixe da Anjel Lertxundiren (Orio, 1948) hitzetan Etxeko hautsa. Ostiralean aurkeztu zuen idazle oriotarrak azken lana Zarauzko Garoa liburudendan. Hainbat herritar elkartu zen bertan Lertxundiren azalpenak entzutera. Bere belaunaldiaren «erradiografia» egin du oriotarrak azken lanean. 1972. urtean narratzaileak bizitako esperientzia du abiapuntu. Haren neskalagunak mesede bat eskatzen dio: ETAko bi kide herri batetik bestera autoz eramatea. Francisco Franco diktadorea hil aurreko urteak dira. «Hor kokatzen da lehenengo dilema morala. Nobelaren oinarrian izango da denbora guztian», azaldu zuen oriotarrak. Kontrapuntua, berriz, handik 20 urtera iritsiko da. «Narratzailearen aitari gaixotasun degeneratiboa diagnostikatuko diote, Alzheimerra, eta oroimena galtzen hasiko da». Ildo horretatik, hogei urte atzera egindakoak lehenengo aldiz aitari kontatzea erabakitzen du protagonistak zerga iraultzailea eskatu dioten aitari: «Hark egin ez zuena egingo du protagonistak. Egia kontatuko dio». Gaixotasunaren ondorioz, aitak ez du ulertuko. «Oroimenak ez dio uzten». «Memoria ariketa» bihurtuko da orduan semearen kontakizuna: «Narratzaileak bere gorabeherak kontatuko dizkio aita gaixoari. Kontaketak aurrera egin ahala, egindakoaren inguruan zalantzak eta galderak sortuko zaizkio, ordea». Idazlearen arabera, protagonistak «amesten zuena guztiz zilegi zen baina bide okerra hartu zuen haren ustetan». «Erresistentzia eta indarra txanpon beraren bi aldeak balira bezala jokatu zuen», argitu zuen Lertxundik. Kontaketan aurrera egin ahala, [...]

H istoriaren pitzaduretatik sortutako nobela moralista», horixe da Anjel Lertxundiren (Orio, 1948) hitzetan Etxeko hautsa. Ostiralean aurkeztu zuen idazle oriotarrak azken lana Zarauzko Garoa liburudendan. Hainbat herritar elkartu zen bertan Lertxundiren azalpenak entzutera.
Bere belaunaldiaren «erradiografia» egin du oriotarrak azken lanean. 1972. urtean narratzaileak bizitako esperientzia du abiapuntu. Haren neskalagunak mesede bat eskatzen dio: ETAko bi kide herri batetik bestera autoz eramatea. Francisco Franco diktadorea hil aurreko urteak dira. «Hor kokatzen da lehenengo dilema morala. Nobelaren oinarrian izango da denbora guztian», azaldu zuen oriotarrak.
Kontrapuntua, berriz, handik 20 urtera iritsiko da. «Narratzailearen aitari gaixotasun degeneratiboa diagnostikatuko diote, Alzheimerra, eta oroimena galtzen hasiko da». Ildo horretatik, hogei urte atzera egindakoak lehenengo aldiz aitari kontatzea erabakitzen du protagonistak zerga iraultzailea eskatu dioten aitari: «Hark egin ez zuena egingo du protagonistak. Egia kontatuko dio».

Gaixotasunaren ondorioz, aitak ez du ulertuko. «Oroimenak ez dio uzten». «Memoria ariketa» bihurtuko da orduan semearen kontakizuna: «Narratzaileak bere gorabeherak kontatuko dizkio aita gaixoari. Kontaketak aurrera egin ahala, egindakoaren inguruan zalantzak eta galderak sortuko zaizkio, ordea».
Idazlearen arabera, protagonistak «amesten zuena guztiz zilegi zen baina bide okerra hartu zuen haren ustetan». «Erresistentzia eta indarra txanpon beraren bi aldeak balira bezala jokatu zuen», argitu zuen Lertxundik. Kontaketan aurrera egin ahala, egindakoaz zuen pertzepzioa okertuz joango da. Eta «horrek memoria astunduko dio».
Historiaren pitzadurak
Lertxundiren belaunaldia islatzen duen arren, ez da «nobela autobiografikoa». Hala ere, agian berarengandik «gertuen» dagoen nobela dela aitortu du oriotarrak. «Orduan zer izan ginen jasotzen du lanak. Esan gabeko gauzek toki handia zuten garai hartan; zuhurtziaz jokatzen genuen, keinuka komunikatzen ginen. Susmoaren garaia zen», azaldu zuen: «Hori guztia ezagutu genuen, ispilutza hor dago. Material ona da kontatu ahal izateko».
Idazlearen hitzetan, «historiaren pitzadura» du oinarrian Etxeko hautsa nobelak: «Isilean gordetakoez, historiaren pitzadurez hitz egiten ez badugu, hor jarraituko dute, areagotuz. Frankismotik datozkigunak baino pitzadura berriagoak baditugu, eta erantzukizunak ditugu horrekin».
Hala, aitari aitortza egiteaz eta autogaldeketa bultzatzeaz gain gain, irakurlea ere hausnartzera bultzaraziko du gaiak. Eta irakurleak bere egingo ditu galdera horiek. «Nik galderak planteatu ditut baina ez ditut erantzunak. Artefaktu bat idatzi dut, eta ez dakit nola funtzionatzen duen», dio.
Etxeko sua…
Izenburu «aproposa» du Lertxundiren nobelak: Etxeko hautsa. Etxeko sua etxeko hautsarekin itzaltzea da egokiena, esaera zaharraren arabera, eta hori da eleberriaren lerro nagusia: «Etxeko sekretuak beti etxean gordetzen dira; etxe barruko zuhurtasunean, jendeak zer esan izan ez dezan. Narratzailea aitari kontatzen ari zaiona etxeko sua harrotzen ari da».
Erdarazko bertsioaren izenburuak (Los trapos sucios) ere esanahi bera du. Alberdania argitaletxeak aldi berean ele bitan argitaratu du Lertxundiren eleberria. Jorge Jimenezek egin du itzulpena, eta, haren ustez, euskal irakurlea «heldu» egin da: «Lehen euskarazko lanak argitaratzen ziren lehenago, gaztelaniazkoak gaina hartuko zioten beldurrez. Irakurlea heldu egin da, ordea ». Egun euskarazkoa lehenago ateratzea ez dela «beharrezkoa» nabarmendu zuen.
Euskarari dagokionez, Lertxundik ez du «idazkera konplexua» erabili; «bestelako ariketa» egin du. Narratzailea aitari ari zaiola esan zuen, «ez Euskaltzaindiako buruari». Hori dela eta, erregistroak «sinesgarria» izan behar du; aita-semeen arteko elkarrizketa dela sinistu behar du irakurleak: «Zapatak eta oinak elkarri lotuak egon behar dute, neurri berekoak behar dute izan. Mendirako etxeko zapatilak ez dute balio, ordea. Hori egin dut lan berrian: Hizkera jasoa erabili dut, baina modu sinesgarrian».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide