[Berria.info] Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola jangeletako auzian aurre-akordioa lortu dute zuzendaritzak eta UGT, ELA eta LAB sindikatuek. Orain langileen batzarrak ari dira egiten, akordioa berresteko asmoz. Gaur arratsaldean agerraldia egingo dute sindikatuek aurre-akordioaren berri emateko.
Lau aste egin dituzte greban langileek, euren lan baldintzak aldarrikatzeko. Haien eskari nagusiak izan dira hauek izan dira: Jaurlaritzarentzat lan egiten dutenekin soldatak %98 parekatzea, prestakuntza ordu gehiago izatea eta lan ordu gehiago izatea.
Izan ere, gehienek bi ordu eta erdiko lan eguna dute, eta salatu dute horrekin ezin dituztela dauzkaten betebehar guztiak “txukun eta kalitatez” bete. Sektorearen lan baldintzen prekarietatea salatu izan dute orohar, eta hori oso lotuta dagoela langile gehienak emakumeak izatearekin. Sindikatuek herenegun generoaren salaketa kalera eraman zuten.
Eusko Jaurlaritzak langileen jokabidea salatu du. Horrek esan du, “zentzugabea eta arduragabea” izan dela greba hainbeste luzatzea. Marisol Esteban Hezkuntza sailburuordearen arabera, enpresek langileen eskari guztiak jarri zituzten mahai gainean. Hala, akordiorik ezean bitartekari bat onartzeko eskatu izan zien bi aldeei.
Langileek, ordea, kezka agertu zuten bitartekaritzaren proposamenaren aurrean, orain arte adostuta zituzten gauzak berriro negoziatu beharko zituztelakoan.
Gurasoek ere “kezkaz” ikusi dute egoera, eta atzo Sortzen-Ikasbatuazek bat egin zuen langileen aldarrikapenekin, euren lan baldintzak hobetuta jangeletako zerbitzuaren kalitatea ere hobea izango zela argudiatuta. Langileek egoera ulertu arren, konponbiderako urratsak egiteko eskatu zien Sortzen-Ikasbatuazek bi aldeei.