Mistika eta astronomia izango dituzte hizpide Orioko Esoterismo Astean

Ane Olaizola 2011ko maiatzaren 26a

Mandalara taldeak Esoterismo Astea antolatu du hurrengo asterako, eta asteazkenetik aurrera astronomia edota mistika izango dituzte hizpide Orioko kultur etxean eta Herri Ikastolan. Asteazkenean, ekainak 1, hitzaldi batekin emango diote hasiera asteari; Alex Arellanok osasunaren eta energiaren inguruko saioa eskainiko du orduan, Mas alla de la mirada izenburupean, kultur etxean. Hurrengo egunean ere beste hitzaldi bat izango da kultur etxean; Agustina Herrero astrologia irakasleak La luna a traves del horóscopo hitzaldia emango du. Bi hitzaldiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango dute. Ekainaren 3an, berriz, musikak izango du tartea Esoterismo Astean, eta Erdi Aroko musika mistikoa entzun ahal izango da kultur etxean, 19:00etan. Mediumaren saioa, ekainaren 5ean Igandean, azkenik, ekainaren 5ean, Mikel Lizarralde mediumaren hitzaldia entzuteko aukera izango da. Bizitzaren eta heriotzaren inguruan ariko da, 18:00etan, Herri Ikastolako areto berrian. Taldeak iaz ere antolatu zuen astea, eta horien esanetan «arrakasta» izan zuen. Orduan ere hitzaldia eskaini zuen Lizarraldek, eta bigarren aldiz izango da Orion. Aurten, gainera, hitzaldi honek uste baino eskaera handiagoa izan du, eta antolatzaileek hasiera batean jarri zituztenak baino 50 txartel gehiago jarri dituzte salgai kultur etxean, 10 euroan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide