Gipuzkoako hiltegi guztiak elkarte publiko bakar batean bil daitezen nahi du Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE), Enba nekazal sektoreko sindikatuek eta Gitxegi eta EGAE elkarteek. Haien ustez, zerbitzu bat ematen duten guneak dira hiltegiak, eta zerbitzu hori bermatzeko, ezinbestekoa da izaera publikoa izatea.
Gipuzkoako lau hiltegiek partzuergo bakar bat osatzea proposatu zioten Markel Olano jarduneko ahaldun nagusiari joan den astean. «Behi -okel sektorea indartzea eta berriz antolatzea» dute helburu.
Zestoakoaz gain, beste hiru hiltegi daude Gipuzkoan: Donostian, Tolosan eta Oñatin. Aurreneko biak publikoak dira, eta gainontzekoak, berriz, pribatuak. EHNEren iritziz, egungo egoera oso nahasia da, izaera askotako hiltegiak daudelako: pribatuak, mankomunatuak, elkarte publikoak… «Horrek elkarrekiko lehia basatian jardutera behartu ditu, eta, ondorioz, prezioen borrokan murgilduta daude», diote. Borroka horrek hilketa gehiagoren beharra eragin die hiltegiei, eta eta kanpoko txahalak merkaturatzen dituzten komertzialak erakarri nahian omen dabiltza, Euskal Herrikoei baino eskaintza hobeak eginez. «Ezinezkoa da Euskal Herriko baserritarren txahalak beste horiekin lehiatzea», esan dute.
EHNEren esanetan, hiltegi asko ez dira errentagarriak; «egia da». Sindikatuak ez du uste, ordea, irabazirik ematen ez dutenak itxi behar direnik, zerbitzu publikoa eskaintzen dutelako.
Horrenbestez, hiltegi guztiak erakunde publiko bakar batean biltzea beharrezkotzat jo dute. Balizko erakundean udalerriek, Foru Aldundiak eta lehen sektoreko ordezkariek parte hartuko lukete, eta azken horiek erabakitzeko ahalmena izango lukete. Erakundea Gipuzkoan sortuko litzatekeen arren, beste herrialdeetara zabaldu beharko litzateke,0 eta urtea bukatzerako martxan egon behar luke proiektuak.