“Itsu batentzat gauza handia da bizikletan hara joan naiz esatea”

Zarauzko Hitza 2011ko maiatzaren 26a

Tandem ederra osatzen dute Arroitaonaindia anaiek. Josuk (Zarautz, 1973) aurretik eta Jose Angelek (Zarautz, 1972) atzetik, biek ere kementsu eragiten diete pedalei herritarren animo oihuen artean. Josu du gidari Jose Angelek; baina batak bestea behar du. Talde lana da tandema. Jose Angel isila da; soinuarekin errazago komunikatzen da hizketan baino. Hala ere, Urola Kostako Hitza hitz batzuk ateratzen saiatu da. Txirrindularitza egokituko Nazioarteko IV. Kriteriuma izan da azken proba. Nola joan zen? Josu Arroitaonaindia: Oso gustura geratu ginen. Ordu eta laurden inguruan egin genuen zirkuitua, eta gure modalitatean laugarren postuan geratu ginen. Lau urte daramagu jada Andoainen erlojuz kontrako proban, eta Zarauzko zirkuituan parte-hartzen. Aurten Getariaraino izan da lasterketa; hamaika kilometroko pista. Guk lau buelta egin genituen, eta irabazi zutenek bost. Herrian jardutea ez da gauza bera izango. J.A.: Beste animo batekin jardun dugu. Herrian ezagunak gara, eta jendeak asko animatzen gaitu. Parte-hartzaile batek hala esan zigun: «Asko maite zaituztete hemen!». Aurten jende gehiago gerturatu da ikustera. Beste urtetan, Zumaira egiten genuen joan-etorria. Paseoan zihoan jendeak animatzen gintuen. Baina aurten herri barruan egin dugu, eta jendea ikusten geratu da. Oso giro ona egon zen sari banaketaren unean euria hasi bazuen ere. Zein modalitate ikus zitezkeen? J.A.: Lau modalitate sartzen dira: [...]

Tandem ederra osatzen dute Arroitaonaindia anaiek. Josuk (Zarautz, 1973) aurretik eta Jose Angelek (Zarautz, 1972) atzetik, biek ere kementsu eragiten diete pedalei herritarren animo oihuen artean. Josu du gidari Jose Angelek; baina batak bestea behar du. Talde lana da tandema. Jose Angel isila da; soinuarekin errazago komunikatzen da hizketan baino. Hala ere, Urola Kostako Hitza hitz batzuk ateratzen saiatu da.
Txirrindularitza egokituko Nazioarteko IV. Kriteriuma izan da azken proba. Nola joan zen?
Josu Arroitaonaindia: Oso gustura geratu ginen. Ordu eta laurden inguruan egin genuen zirkuitua, eta gure modalitatean laugarren postuan geratu ginen. Lau urte daramagu jada Andoainen erlojuz kontrako proban, eta Zarauzko zirkuituan parte-hartzen.
Aurten Getariaraino izan da lasterketa; hamaika kilometroko pista. Guk lau buelta egin genituen, eta irabazi zutenek bost.
Herrian jardutea ez da gauza bera izango.
J.A.: Beste animo batekin jardun dugu. Herrian ezagunak gara, eta jendeak asko animatzen gaitu. Parte-hartzaile batek hala esan zigun: «Asko maite zaituztete hemen!». Aurten jende gehiago gerturatu da ikustera. Beste urtetan, Zumaira egiten genuen joan-etorria. Paseoan zihoan jendeak animatzen gintuen. Baina aurten herri barruan egin dugu, eta jendea ikusten geratu da. Oso giro ona egon zen sari banaketaren unean euria hasi bazuen ere.
Zein modalitate ikus zitezkeen?
J.A.: Lau modalitate sartzen dira: Aulkian dauden elbarrituak batetik; bizikletari eskuekin ematen dietenak dira hauek. Bigarren, trizikloan doazenak, oinez ondo ibiltzen ez direnak. Bizikletan ibiltzen diren elbarrituak ere badaude, eta laugarren modalitatea da tandema.
Gure modalitatean sei bikote ginen. Hemen ikusmen urritasuna dutenak sartzen dira. Irabazleak Ciudad Realgoak ziren. Bigarren Kantabriakoak eta hirugarren Gasteizkoak. Gu laugarren geratu ginen, eta bizkaitarrak bosgarren eta seigarren.
Gizonezkoak gehienak.
J.A.: Bai, gizonezkoak dira batez ere parte hartzen dutenak. Baina, proba honetan, gure modalitatean, neska batek bosgarren egin zuen. Eta bizikletan ere beste neska batek jardun zuen. Adin aldetik ordea denetik dago. Aurten gainera, jende gehiago etorri da. Izan ere, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna sartu da lizentzia kontuetan, eta jende gehiago enteratu da.
Bestelako zein probatan hartu duzue parte?
J.A.: Klasika batzuk egin ditugu jada. Aurten Bilbokoa egin dugu, eta datorren igandean Zarauzkoa egingo dugu. Joan den urtean, Gipuzkoa mailako erlojuaren kontrako proba irabazi egin genuen. Baina aurten, ordea, Gipuzkoako partaide bakarrak gu ginen, eta, beraz, ezin izan da txapelketarik egin. Bestela, txapelketa nik irabaziko nukeen eta anaia bigarren!
Behin Logroñon ere izan ginen Espainia mailako kontzentrazio batean. Eta beste urte batean Mungian; Joko Olinpikoetarako klasifikazioan. Maila handia zegoen han; profesionalek eta horretarako bizi den jendeak parte hartu zuten.
Afizio gisa hasitakoa, lehian bilakatu al da?
J.A.: Guk behe mailan jarduten dugu; bat gehiago gara. Afizioa da guretzat, eta jendeari erakutsi nahi diogu egiten dugun lana.
Duela lau urte Andoainen hasi ginen lehiatzen eta, orduz gero, Zarautzen antolatzen hasi gara. Nik ekarri nuen ideia, Andoainen ikusitako giroarekin. Hasieratik laguntza handia izan dugu: Zarauzko txirrindularitza eskolak lagundu gaitu, gehienbat; gero, kideen bitartez, udalak eta turismo bulegoak ere lagundu digute.
Erraztasunak ematen al dira parte-hartzea bultzatzeko?
J.A.: Probatan parte hartzeko ez da ordaindu behar izaten, eta kanpoko jendeari, dietak ordaintzeaz gain, logela eta otordua ematen zaizkie. Alde horretatik, ezin dugu kexatu.
Lehiakortasuna handia izaten al da halako probetan?
J.A.: Guztiz itsuak direnak oso gutxi daude. Gipuzkoa mailan bi daude guztira, anaia eta beste bat. Zarautzen itsutasun osoa izanda ibiltzen garen bakarrak gara. Kirol egokituko txapelketan parte hartzeko, bietako batek elbarritasunen bat izan behar du, eta besteak gida bezala jarduten du. Zerbait ikusten dutenek, abantaila handia dute ibiltzeko.
Gutxitan entzuten dira, ordea, kirol egokituaren inguruko berriak.
J.A.: Komunikabideek garrantzia gutxi ematen diote kirol egokituari. Noiz edo noiz, neguan Teledeporte katean zerbait ikusi daiteke, kirol egokituen Olinpiar Jokoen inguruan. Baina gainontzekoan ezer ez. Gutxi.
Jose Angel Arroitaonaindia: Kirol egokituen txapelketak ere gutxi daude, izan ere.
J.A.: Anaia ONCEn dago, eta bestelako ezinduak Kemenen, Euskadiko Elbarri Fisikoen Kirol Elkartearen, barruan daude. Eta hauek modalitate batzuk badituzte.
Nola jarri zineten lehenengo aldiz tandem baten gainean?
J.A.A.: Kirola egin beharra zegoela, eta, zerbait egitekotan, bada bizikleta; bioi gustatzen zitzaigun.
J.A.: ONCEk kirola egiteko aukera eskaintzen die itsuei ,eta materiala uzten die horretarako. Lehengusuak animatu zuen anaia. Furgoneta zuenez, egun batean Donostiatik tandema ekarri eta ibili egin ziren. Handik pixka batera berriz. Hala, amak bat erostera animatu gintuen. Ekarri egin genuen, eta handik aurrera igandero jarduten dugu.
Zuen kasa jarduten al duzue entrenatzen?
J.A.: Igandero ibiltzen gara elkarrekin; konpromisorik ez badaukagu, behintzat. Ez daukagu ez entrenatzailerik, ezta monitorerik ere.
J.A.A.: Nik bizikleta estatikoa dut etxean, eta ia egunero ibiltzen naiz.
J.A.: Bai, prestatu egin behar da. Kirola da, azken finean. Baina afizioa bezala hartu dugu momentuz, eta, txapelketaren bat baldin badago, animatu egiten gara, giroa izugarria izaten baita. Motibatu egiten du; ukitu.
Nondik norakoa izaten da iganderoko tour-a?
J.A.: 60 kilometro inguruko zirkuitua egiten dugu igandero. Azkoitia aldera joaten gara, edo Miatik Zumaiara. 2 ordu eta 20 minutu egiten dugu.
Zein da bakoitzaren rola?
J.A.: Nik gidatzen dut, kanbioak, norabidea… Birak itxiak badira, ohartarazi; aldapatxoren bat bada abisatu; «estutu hortzak» esaten diot. Hala ibiltzen gara. Gainontzekoak nola doazen ere aipatzen diot.
Elkar ulertze handia beharko da.
J.A.: Bai.Tandemean erritmoa hartzen baduzu, besteak segi egin behar dizu, bestela blokeatu egiten da. Elkar ulertu behar. Anaia utzi egiten da eramaten; konfiantza behar da.
J.A.A.: Beharko fiatu!
Federatuta aritzen zarete.
J.A.: Lehen elbarrituak aseguru bat zuen, baina Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak aldatu egin zuen, eta orain federatuta egon behar dugu istripu asegurua izatearren. Urtero berritzen dugu txartela. Baina gaur egun txirrindularitzan jarduten duenak derrigorrezkoa du.
J.A.A.: Geroz eta obligazio gehiago dago, bai.
J.A.: Behin eduki genuen ustekabea, Urte Zahar egunean hain justu. Sustoa. Bidegurutze batean kotxeak ez gintuen ikusi, eta jo egin gintuen. Motel gindoazen, eta ez zen ezer pasa. Anaiak susto handiagoa izan zuen! Nik ikusi nuen kotxea nola zetorren, baina hark ez!
Zein izaten dira tandem gaineko eztabaidak?
J.A.: Liskarrean joaten gara, pedalari ez diola behar bezala ematen… (Txantxatan). Oso ondo konpontzen gara. Anaia ez da oso hitzontzia, eta ni batzuetan abesten joaten naiz; baina tandemean ez da ondo entzuten. Anaia berean joaten da; kontzentratuta.
J.A.A.: Kontzentratuta joaten gara bai
J.A.: Erraz goazenean hitz egiten dugu; eta esfortzuan goazenean, berriz, mutu.
Eta behin tandemetik jaistean?
J.A.: Futbolean ez gara ondo eramaten; bera Realekoa da, eta ni Athletikekoa. Esaten diot: Ondo portatu adi, bestela bide bazterrean utziko haut! Kar, kar, kar.
Arroitaonaindia anaien amak zer dio?
J.A.A.: Kezkatu egiten da, ez daki bizikletan-eta!
J.A.: Kezka izatea sanoa da. Eguraldi txarrarekin kezkatu egiten da baina ama oso pozik dago; animatzera joaten zaigu.
Euria, haizea eta hotza… ez dago treguarik.
J.A.: Nik eguraldiari begiratzen diot jaikitzean, baina anaiak ez. Hau prestatu egiten da; maillota jantzi eta zain. Ez banaiz joaten, haserretu egiten zait!
Zer ematen dizue tandemean aritzeak?
J.A.A.: Askatasuna eta lasaitasuna ematen dizkit.
J.A.: Itsu batentzat gauza handia da esatea: «Bizikletan haraino joan naiz». Behin, orain dela asko, Azkarate igo genuen. Jaisten ari ginela, abiadura handian gindoazen; gainera, tandema bizikleta bat baino azkarrago joaten da pisu gehiago duelako. «Zer haize duk hau!», esan zidan anaiak; eta nik: «Hau zer izango duk bada, abiaduraren sentsazioa! Haizerik ez zegok-eta!». Itsu batentzat hau oso polita da.
Gainera, igandero paseatzen doan jendeak animatu egiten dute: «Aupa Joxe! Emaiok». Ezagutzen dutela eta ikusten dutela sentitzea gauza handia da.
Behin tandema garajean sartuta, zer egiten duzue?
J.A.A.: Soinua jotzen dut. Saiatzen naiz, behintzat. Kame musika eskolan jarduten dut. 24 urte daramatzat soinua jotzen. Ikastola amaitu nuenean, despedidan, soinua eta urtebeteko ikastaroa oparitu zizkidaten.
J.A.: Aspaldian baztertuta du pixka bat, baina.
Pedalei eragiteaz gain, bestelakorik egiten al duzue?
J.A.A.: Lehenago ez dut sekula kirolik egin, baina kirol zalea naiz: txirrindularitza, futbola, pilota, arrauna, herri-kirolak gustatzen zaizkit. Irratia asko entzuten dut.
J.A.: Ni neure kasa ibiltzen nintzen bizikletan, baina orain ia igandero irteten gara. Parrandan atera beharrean; beste aukera bat da. Anaia zain egoten da beti, igandea iritsi zain.
Zein da tandemaren hurrengo geltokia?
J.A.: Hurrengo urterako Espainiako Txapelketa antolatu nahi da Zarautzen.
Aurten ez dakigu seguru beste txapelketarik izango den ala ez, baina oraingoz datorren igandean Zarauzko Klasikan irtengo gara. Gainerakoan, hor jarraituko dugu, igandero bezala, bidean gerra ematen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide