Gallardo taldeak eta CSNk sinatu dute jada Corrugados lantegien salmenta

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 26a

Corrugados Lasao eta Corrugados Azpeitia, Alfonso Gallardok Azpeitian zituen bi lantegiak, Brasilgo CSN siderurgia konpainiaren esku daude dagoeneko. CSNk 970 milioi euro ordaindu dizkio Alfonso Gallardo taldeari Azpeitiko bi lantegiengatik, Thüringengo (Alemania) lantegi batengatik, eta Extremadurako (Espainia) Balboa zementu fabrikaren truke. Salmenta sinatuta dago, eta operazioa ixteko Europako erakunde eskumendunen oniritzia besterik ez da falta. Operazioaren eta haren eraginen berri jakiteko Corrugadoseko gerentziarekin hitz egin nahi izan du Urola Kostako Hitza-k, baita Alfonso Gallado taldeko ordezkariekin ere, baina adierazpenik ez dutela egingo adierazi dute bietako kideek. Alfonso Gallado taldeko ordezkari Ramon Blanco langile batzordearekin bildu da aste honetan. Azken egunotan zenbait ordenagailutan kaleratze zerrenda bat agertu da. Eta zerrenda egon badagoela berretsi zien hark langileei. «Antza denez, tratuaren parte dira kaleratzeak. Badirudi egia dela, 20 lagun inguru kaleratuko dituztela», adierazi du LABeko ordezkari batek. Orain arteko kaleratzeak eta lan-baldintza aldaketak Corrugadoseko zuzendaritzak erabaki dituela adierazi zion Ramon Blancok langile batzordeari joan den ostiralean. Eta, bide horretatik, zera argitu zien: erabaki horiek ez dituela Alfonso Gallardo taldearen eskaera edo aginduei erantzunez hartu. Corrugadosetik langileei orain arte esan zaiena, ordea, bestelakoa da. Egokitzapen horiek enpresa saldu ahal izateko beharrezkoak zirela esan zieten, alegia. Kontraesan horiek kezka sortu dute ordezkari sindikalengan eta langileengan. Gehiago ekoizteko asmoa Blancok langileei adierazi zienez, operazioa «bi aldeentzako albiste ona» da, bai Gallardo taldearentzat, baita CSNrentzat ere. Hark adierazi zuenez, Azpeitiko lantegien produkzioa hazi egingo da merkatu brasildarrera esportatzea baitute asmo. Jabe berriek ahal duten bezainbeste ekoiztaraziko diette Corrugados lantegiei , Blancoren esanetan. Neurri horrekin 495 langileei eustea «ia guztiz bermatuko» duteela esanez. Ordezkari sindikalek jakinarazi dutenez, ordea, CSNk berak ez du baieztatu ekoizpena handitzeko asmoa. ELAko ordezkari Quico Praterok zera adierazi du: «Nahiko itxura ona hartu diogu operazioari. Ez dugu uste Blanco honaino etorri eta gezurretara etorriko zitzaigunik». Dena den, gerta daitekeenaren zain daude langileak: «Ikusi egin beharko da zer gertatzen den». Bermea eskatu beharra Urola Kostako LABeko idazkari Aitzol Aristorenaren ustez, lantegiaren orubea urbanistikoki rekalifikatzean eta lantegia Badiolegira eramatean, «Udalak lanpostuak mantentzeko bermea eskatu beharko luke». Azpeitiko jarduneko alkate Julian Eizmendik, salmentaren berri jakin ostean, «albiste ona» dela esan du. «Enpresak bilakaeran izan dituen eskualdaketetan aurrera egin du beti. Eta oraingoan ere, denon ahaleginarekin horrela izateko aukera izango du». .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide