Getariako sei ekoizle txikik indarrak bildu dituzte. Itsaslur Gourmet Getaria elkartea sortu dute, euren jarduera herri mailan ezagutarazteko asmoz. Duela bi hilabete inguru sortu zuten taldea, eta larunbatean, Euskal Jai egunean, emango dituzte ezagutzera produktuak.
Agurtzane Subijana da elkarteko lehendakaria, eta haren arabera herriko ekoizle txikiek elkartzeko beharra ikusi dute, herri mailan nahiz kanpora begira eragin gehiago izan dezaten: «Getariako produktu ezagunenak txakolina eta arraina dira. Baina herrian ekoizten diren produktuak asko dira, eta horiei ere presentzia emateko asmoz elkartu gara».
Sei ekoizlek sortu dute elkartea, eta bakoitzak produktu jakin batzuk ekoizten ditu. Aroa etxeak barazkiak eta leka kontserbak ekoizten ditu; Itsasegik, berriz, Idiazabalgo gazta egiten du; Itsasmendik antxoa kontserbak ekoizten ditu; Ezkurtxerrik, txerrikiak egiten ditu; Pakitak, tomateak ekoizten ditu, eta Salanortek, berriz, antxoa eta olagarroa ekoizten ditu. Elikagai guztiak Getarian ekoizten dira; herrian egiten dute prozesu oso-osoa, hasieratik bukaerara. Hori dute ezaugarri komuna elkarteko kideek. Eta, horrekin batera, produktu aniztasuna ere bereizgarri dutela nabarmendu du lehendakariak.
Etzi, dastatzeko aukera
Larunbatean, 10:30eatik 14:00etara erakutsiko dituzte produktuak. 12:00etatik aurrera, gainera, jakiak dastatzeko aukera izango dute, Lizeaga sagardoarekin lagunduta. Sei pintxo banatuko dituzte, eta bakoitza 1,20 euroren truke salduko dituzte. Menu osoa, berriz, sei eurotan jaso ahal izango da.
Lehendakariaren esanetan, larunbateko ekitaldia eta gero pixkanaka inguruko herrietako azoketara zabaltzeko asmoa dute.