Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskualdean Bilduk jaso du Gipuzkoako Batzar Nagusietarako boto gehien, eta alde nabarmenarekin. Orokorrean, Urola Kostako herritarrek modu berean bozkatu dute udal nahiz foru hauteskundeetarako. Hala ere, Batzar Nagusietarako hautestontzietan jasotako boto kopurua txikiagoa izan da.
Indar abertzaleek izango dute gehiengoa aurrerantzean. Bildu eta EAJ alderdien artean, ia 200.000 boto jaso dituzte. Gipuzkoarren %34,56ek eman diote babesa Bilduri. Kopuru hori handiagoa da eskualdean. Izan ere, bozkatu duten eskualdeko herritarren %44 inguruk bozkatu dituzte Bilduren zerrendak.
EAJri dagokionez, botoen %23,52 jasotzea lortu dute jeltzaleek Gipuzkoan. Urola Kostan portzentaia handiagoa da kasu honetan ere; %32 ingurukoa, hain zuzen.
PSE-EEk jaitsiera nabarmena izan du, bai botoei, bai eskerleku kopuruari dagokionez. Boto kopuruari eutsi dion arren, PPk ere nabarmen egin du behera eserleku kopuruan, sei batzarkidetik laura igaroz.
Emaitzek erakusten duten bipolarizazio honen ondorio zuzena da alderdi txikiek izan dituzten emaitza kaxkarrak. Aralar izan ezik, gainontzeko alderdi txikiek kolpe gogorra jaso dute. Ezker Batua eta Hamaikabat ordezkaritzarik gabe geratu dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAtik bereizitako alderdi berria izanik, Hamaikabatek ez ditu lortu espero zituen emaitzak. EAren ohiko boto-emaileek Bilduren alde egin dute, eta ez diote konfiantzarik eman Hamaikabati. Guztira, 9.867 boto besterik ez du lortu.
Zerrendaburuen balorazioa
Hauteskundeen biharamunean, Batzar Nagusietarako Deba-Urola eskualdeko Bilduren zerrendaburu Iñaki Agirrezabalagak «positiboki» baloratu ditu emaitzak: «Urola Kostako herri gehienetan lehen indarra gara, eta berdin Batzar Nagusietan. Koalizio berri bat izanda horrelako indarrarekin sartzea, benetan poztekoa da».
Bipolarizazioaren inguruan, berriz, Bildu «tradizio askotatik datozen indar, sentsibilitate eta alderdien arteko bilgunea» dela esan du zumaiarrak. «Momentu historiko honen aurrean ahalegin berezia egin, eta koalizio baten barruan biltzeko gai izan gara. Horrek alderdi eskaintza murriztu egin du, eta jendeak ulertu du hori. Horregatik, jendea ilusioarekin etorri da Bilduri botoa ematera. Emaitzak hala gelditu dira. Bilduren eta EAJren artean bipolarizatu da, eta beste alderdiek emaitza kaxkarragoak izan dituzte», gaineratu du.
EAJko eskualdeko zerrendaburu Arantza Tapiak adierazi duenez, alderdiak ez du balorazio ofizialik egin. «Baina datuei begiratuta esan genezake, nahiz eta bailara osoan 2.000 bototik gora irabazi, hori ez dela nahikoa izan inondik inora ere bailaran irabazteko». Emaitzak ez direla txarrak izan, baina alderaketa eginez, jeltzaleek espero zutena baino zerbait okerrago gelditu direla aitortu du Tapiak. «Botoa eman digutenei eskerrak ematen dizkiegu,. Alde batean edo bestean, gobernuan ala oposizioan, lanean jarraituko dugu».
Tapiaren ustetan, hauteskundeotan ez dira beste zenbaitetan baloratutakoak aintzat hartu. «Batetik, Jaurlaritzan dagoen fronteari erantzuna eman zaio; PP eta PSOE behera egin dute, eta Bilduren aldeko apustu garbia ikusi da. Bakearen esperantzak asko bultzatu du hori. Horri zor zaio bipolarizazioa, eta horregatik desagertu dira alderdi txikiak, boto erabilgarriaren aldeko apustua egin duelako jendeak», esan du EAJkoak.
Alderdia EAJ Bildu PSE-EE PP Aralar EB-Berdeak H1! Besteak
Aia: 494(EAJ) 450(Bildu) 15(PSE-EE) 6(PP) 59(Aralar) 8(EB-Berdeak) 8(H1!) 15(Besteak)
Aizarnazabal: 85(EAJ) 304(Bildu) 7(PSE-EE) 0(PP) 8 (Aralar) 1(EB-Berdeak) 8(H1!) 1(Besteak)
Azkoitia: 1.970(EAJ) 2.544(Bildu) 511(PSE-EE) 276(PP) 397(Aralar) 55(EB-Berdeak) 67(H1!) 48(Besteak)
Azpeitia: 2.490(EAJ) 4.087(Bildu) 265(PSE-EE) 220(PP) 352(Aralar) 19(EB-Berdeak) 290(H1!) 34(Besteak)
Beizama: 50(EAJ) 60(Bildu) 0(PSE-EE) 1(PP) 3(Aralar) 2(EB-Berdeak) 1(H1!) 2(Besteak)
Errezil: 126(Errezil) 254(Bildu) 5(PSE-EE) 1(PP) 10(Aralar) 1(EB-Berdeak) 2(H1!) 1(Besteak)
Getaria: 645(EAJ) 742(Bildu) 28(PSE-EE) 24(PP) 120(Aralar) 4(EB-Berdeak) 15(H1!) 4(Besteak)
Orio: 1.271(EAJ) 1.148(Bildu) 176(PSE-EE) 58(PP) 116(Aralar) 18(EB-Berdeak) 35(H1!) 21(Besteak)
Zarautz: 3.012(EAJ) 4.162(Bildu) 1.401(PSE-EE) 942(PP) 822(Aralar) 202(EB-Berdeak) 427(H1!) 73(Besteak)
Zestoa: 603(EAJ) 1.021(Bildu) 49(PSE-EE) 15(PP) 129(Aralar) 7(EB-Berdeak) 85(H1!) 8(Besteak)
Zumaia: 1.460(EAJ) 1.941(Bildu) 578(PSE-EE) 188(PP) 333(Aralar) 39(EB-Berdeak) 106(H1!) 32(Besteak)
GUZTIRA 12.206(EAJ) 16.713(Bildu) 3.035(PSE-EE) 1.731(PP) 2.349(Aralar) 356(EB-Berdeak) 1.044(H1!) 239(Besteak)