Udal gobernuak nola osatu, hori da Urola Kostako herritarrengan eta zenbait politikorengan sortu den zalantza nagusia, hauteskundeen biharamunean. Hauteskunde gauaren ostean askotariko erreakzioak izan dira. Kontaketen berri izan dute eskualdeko herritarrek, eta orain herri bakoitzeko udal gobernuak nola osatu kalkuluak egiten ari da asko.
Zenbait herritan alderdi jakin batzuk giltza izango dira, gainera, gobernua alde batera edo bestera osatzeko. Datorren ekainaren 11arteko epea dute udalak osatzeko.
Zarautzen Aralar-EBk izango du gakoa, esaterako. Koalizioaren alkategi Andoni Ibargurenek badaki hori: «Bilduk gehiengo du, guk giltza. Ikusiko da». Bilduk bederatzi zinegotzi eskuratu ditu eta EAJk sei. Aralar-EBk, berriz, bi hautetsi ditu. Gauza bat garbi du Ibargurenek: «Ezkerreko joera hartuko du Udalak. Pozgarria da hori». Ildo horretatik, Bildu zoriondu du, «olatua baino zerbait gehiago izan delako». Bilduk «herritarrengan ilusioa» sortu duela dio, eta «esparru bereko alderdia izanik, haien garaipena onartu beharra» dagoela.
Aralar-EBri dagokionez, «galera» izan duela aitortu du, eta ildo horretatik, berria «asimilatzen» ari da Ibarguren: «Herena baino gehiago galdu dugu». Halaber, 1.000 eta piko bozkatzaileri eskerrak eman dio koalizioko hautagaiak, eurengan jarritako «konfiantzagatik eta egindako lana baloratzeagatik». Hala, «ezkerretik eragiteko» lanean jarraituko dutela nabarmendu du.
Bilduk lehen balorazioa egin du: «Zarauzko mapa politikoan aldaketak izan dira, eta hurrengo urratsa Udalaren norabidean ere ziaboga ematea da». Lan hori «oso baldintza zailetan» egin beharko dute, ordea: «Horrek jarduna baldintzatuko badu ere, lan handia dago egiteko, eta daukagun onena emango dugu gure aldetik». Hala, udala, zinegotziek eta teknikariek ez ezik, herritarrek ere egiten dutela nabarmendu dute: «Bide honetan denon laguntza beharko dugu».
Ildo horretatik, aste honetan zenbait alderdirekin lehen harremanak izateko asmo dutela iragarri dute, «hauteskundeetako emaitzak aztertu, elkarlanerako bideak ireki eta aldaketari ateak zabaltzeko».
Elkarrizketa eta ahalegina
EAJko Zarauzko hautagai Imanol Lasak agintaldi berria «elkarrizketaren eta ahaleginaren agintaldia» izango dela nabarmendu du. «Guk nekaezin jarraituko dugu lanean, gobernu taldean zein oposizioan», dio. «Kanpainan nabarmendu dugun bezala, krisi garai gogorra dugulako, eta bestelako eztabaidetatik haratago, zarauztarren beharrei modu eraginkorrean erantzutea delako benetako lehentasuna».
«Zarauzko eremua nabarmen gainditzen duen hauteskunde fenomeno politiko baten ondorio» dira herriko emaitzak, Lasaren arabera. Ildo horretatik, Bilduren agerpenak Zarauzko Udaleko mapa politikoa «goitik behera aldatu» duela dio. «Gestioaz hitz egiteko garaia» izango da datorrena: «Gu horretan aritu gara azken asteetan; jarrera hori faltan eman dugu beste zenbaitengan».
Hala, egindako kanpainaz «harro» sentitzen da EAJko hautagaia: «Gure egitasmoaz hitz egin dugu luze eta zabal, gure proiektu eta lan ildo nagusiak jakinarazi eta horiek aurrera nola eraman azaldu dugu. Hori da gure kezka nagusia». Horri lotuta, «bihotzez» eskertu du zarauztarrek alderdi jeltzalarengan jarritako «konfiantza eta babes zabala»: «Ez diegu huts egingo. Sasoiko dago gure alderdia eta inoiz baino gogo handiagoa dugu lanean jarraitzeko, herriak hobera egin dezan».
Hamaikabateko Tokiko Batzordeko arduradunek, Jon Mendizabal hautagaiak eta Jon Urien jarduneko alkateak udal kudeaketan «zorte ona» opa diote Bilduri, eta «aurreko Udalbatzak Zarautzen etorkizunerako estrategikoak diren eta gehiengo zabalez hartutako erabakiekiko errespetua» eskatu. Lau zinegotzi izatetik batere ez edukitzera igaro da alderdia. Udalerriko «aniztasun soziopolitikoa» izan dute hizpide: «Gure herria gobernatu behar duenak hori kontuan
izan behar du, etorkizunerako bidean aurrera egin behar dugulako».
Bestalde, «oraingoan ordezkaritzarik lortu ez» arren, lanean jarraituko dute: «Bakarka edo taldean, nazionalismo instituzionala berritzeko ahaleginak egingo ditugu, horren bitartez gure herriari ilusioa itzultzeko».
Zumaian Aralar erabakigarri
Zumaian ere Aralar izango da «alderdi erabakigarria». Bilduk sei zinegotzi eskuratu baditu ere, gertutik jarraitu dio EAJk, bostekin. Aitor Leiza izango da Aralarren zinegotzi bakarra, eta izango du «zeresana». «Esperotako emaitza lortu dugu, eta, orain, gauzak nola gelditu diren ikusita, badirudi zerbait esateko aukera izango dugula», adierazi dio Leizak Baleike aldizkariari. EAJ baino Bildu «hurbilago» sentitzen duela dio. Hala ere, «oraindik» ez du erabakirik hartu.
Zumaiako hilabetekariak dioenez, asteazkenean elkartuko dira Aralarreko kideak, eta «ondo» aztertu beharko dute «zein mugimendu egin». Oraingoz ez dute baztertu gobernuan sartzea zein oposizioan gelditzea. «Guk gure programa jarriko dugu mahai gainean; gure eskaerak egingo ditugu, eta jasotzen dugun erantzunaren arabera hartuko dugu erabakia», nabarmendu du Leizak.
Bilduko hautagai Iñaki Agirrezabalagak «zuhurtziaz» jokatu du: «Gainerako alderdiekin hitz egin beharko da». Zumaiako EAJk, berriz, gobernatzeko zazpi zinegotzi behar direla gogoratu du. Baleike-ri adierazi dionez, «ez dago ezer itxita».
Getarian Bilduri tokatzen zaio
«Bilduk du hitza, Aralarrek, berriz, giltza», dio Getariako EAJko hautagai Andoni Aristik: «Bilduri tokatzen zaio orain Udal Gobernua nola antolatu erabakitzen hastea, bera baita boto gehien eskuratu duena. Aralarrek izango du giltza». Izan ere, bosna hautetsi lortu dituzte Bilduk eta EAJk. Berdinketa hausteko Aralarrek izango du hitza.
Koalizioaren arrakasta «zoriontzekoa» dela aitortu du Aristik: «Gorakada izugarria izan du». EAJk, berriz, ez duela «jaitsierarik» izan dio: «Boto-emaile kopuruari eutsi diogu. Bilduk abstentzioak eta EAko boto-emaileen botoak eskuratu ditu».
Bilduko Nika Lertxundik Udal Gobernua osatu eta alkatetza lortzeko itxaropena du: «Aralarrek eta Bilduk nahiko politika antzekoa dugu, eta posible ikusten dugu elkarrekin aurrera egitea».
Getariako Aralarren zerrendaburu Aitor Bikuñak adierazi duenez, alderdiak oraindik ez du hauteskundeen emaitzen baloraziorik egin, ordea. «Goiz da». Aurrerago adostuko dute zer egin.
Orion, Orainek giltza
Orion boto gehien EAJk lortu badu ere, aldaketa etor daiteke Udal Gobernua osatzerako orduan. Orain plataformak izango du horretarako giltza, bi ordezkaritza lortu ondoren. Izan ere, jeltzaleek sei zinegotzi lortu ditu, eta Bilduk, berriz, bost. Beñat Solabarrieta Bilduko alkategaiak aurreratu du «aste honetan» hasiko direla beste alderdiekin «negotziatzen». Miriam Uranga Orain plataformako zerrendaburuak, berriz, adierazi du «herritarren arteko zubia» izango dela. Urangak adierazi du «herritarrekin zorra» dutela, eta, beraz, haien «ordezkariak» izango direla.
Orioko EAJko ordezkariek «aspaldiko urteetako emaitza onenak» lortu dituztela diote, eta Orion «garaile» izan direla nabarmendu. «Emaitzek zinegotziek egindako lana goraipatzen dute».
Aian ere EAJ izan da alderdirik bozkatuena. Baina aurreko agintalditik ordezkaritza bat galdu du, eta Bilduk bost zinegotzi lortu ditu. Igor Iturain EAJko alkategaiak adierazi du hurrengo agintaldian herritarrei «konfidantza ematen» jarraituko dutela.
Halaber, Bildu zoriondu du jeltzaleak. Haritz Arruti Bilduko hautagaiak «espero baino emaitza hobea» lortu duela aitortu du, eta herrian «aldaketarako gogoa» nabari dela adierazi du: «Historikoki oso tradizionala izan da Aia, eta EAJ eta Bilduren artean ehun botoko aldea egotea esaguratsua da».
Azkoitian, aldaketa
Azkoitian aldaketa historikoa gertatu da, lehenengo aldiz EAJk agintea galdu baitu. Bildu izan da lehenengo indarra, eta 700 botoren aldea atera dio EAJri. Hori hala, Udal Gobernua osatzerako orduan Azkoitia Bai koalizioak izan dezake giltza, bi ordezkari izango baititu. Julen Garate koalizioaren zerrendaburuak jakinarazi du «gobernu zabala» osatzen saiatuko direla.
Bestetik, Pello Baztarrika Bilduko hautagaiak aurreratu du Udala «herritarrena» izan dadin nahi dutela. Eta, hori hala, haien hitza kontutan izango dutela. Asier Aranbarri jeltzalea izan da azken zortzi urteetan Azkoitiko alkate. Aranbarrik Euskadi Irratian adierazi duenez, Azkoitiako EAJrentzat «ez dira emaitza onak izan», baina herritar bezala «nola aginduko duten ikusteko gogoz» dagoela esan du.
Azpeitian, elkarlana
Azpeitian Bildu nagusitu da nabarmen, hamaika zinegotzirekin. Koalizioko hautagai Eneko Etxeberriak legealdiko lerro nagusia «elkarlana» izango dela dio: «Denontzako Azpeitia eredu berria bultzatuko dugu».
Hala, alderdi guztiekin saiatuko dira herritarren arazoei erantzuten. «Parte-hartzea sustatuko dugu, eta ateak irekita izango ditugu», nabarmendu du. EAJ «prest» agertu da koalizioarekin elkarlanean jarduteko: «Hark jartzen duen bidetik ekarpenak egiten ahaleginduko gara, eta gauzak ahalik eta ondoen egiten». Bost hautetsi eskuratu dituzte jeltzaleek.
«Bilduk gehiengo osoa edukita elkarlanerako zer aukera izango dugun ez dakigu. Hori agintean dagoenak hartzen duen jarreraren gain dago. Herria nahi duten bezala eraikitzeko karta guztiak mahai gainean ditu Bilduk. Ikusiko dugu», adierazi dio Hamaikabateko hautagai Aitor Arangurenek Uztarria aldizkariari. Zinegotzi bakarra lortu du.