Bilduk EAJren hegemonia hautsi du. Orain arte alderdi jeltzalea izan da herriko lehen indar politikoa; gehiengo absolutuarekin, gainera. Atzoko bozek, ordea, bestelakoa erakutsi dute. Koalizioak lortu du babes gehien hautestontzietan, 751 botorekin, eta EAJri 100 botoko alde atera dio. Hala ere, batak zein besteak bosna zinegotzi izango du datozen lau urtetan. «Jendearen nahia zen, aldalketaren nahia, alegia. Getarian lortu dugu, eta badirudi Gipuzkoan ere bai. Ilusioz beteta gaude», adierazi du Bilduko alkategai Nika Lertxundik.
Herriko alderdi bozkatuena izangatik, «EAJrekin berdinduta geratuko gara zinegotzi kopuruei dagokionez. Beraz, Aralarrek edukiko du alkatetza emateko giltza». Lertxundik Udal Gobernua osatu eta alkatetza lortzeko itxaropena dutela azaldu du: «Aralarrek eta biok nahiko politika antzekoa dugu, eta posible ikusten dugu elkarrekin aurrera egitea».
EAJ hiru zinegotzi gutxiago lortu ditu (azken agintaldian zortzi izan ditu eta orain bost izango ditu), eta, bide batez, gehiengo absolutua galdu du. Oraindik, ordea, Udal Gobernua osatzeko aukerak baditu, baina azken erabakia Aralarren esku dago.
Aralarrek zinegotzi bakarra izango du aurrerantzean, baina ez da aurreko agintaldiko inor izango. Aintzane Ezenarroren eta Eneko Alegriaren ordez, Aitor Bikuña izango da udalbatzako aralarkidea. Eta, orain, nahiz eta ordezkari bakarra eduki, Udal Gobernuan izango da ia ziur, dela Bildurekin dela EAJrekin.