Lehengo lepotik burua. Bilduk EA-ezker abertzalearen lekukoa hartu du –bi alderdien baturak osatu du Udal Gobernua azken lau urteetan–, eta nagusitasunez garaitu du hauteskundeetan. Guztira, 2.057 boto eskuratu ditu, eta, ondorioz, sei zinegotzi izango du datorren agintaldian. 2007an, ezker abertzalearen hiru eserlekurekin eta EAren bi eserlekurekin hartu zuen Iñaki Agirrezabalagak herriko aginte makila. Orain, lau urte geroago, alkatetza berretsiko du.
«Oso gustura gaude», nabarmendu du Agirrezabalagak emaitzak jakin eta berehala: «Egia esan, ez genuen horrenbesteko babesik espero. Bospasei zinegotzi lortzeko itxaropena geneukan, eta, azkenean, sei lortu ditugu, baina zazpigarrena lortzeko atarian geratu gara». Datorren lau urtetan alkate jarraitzeko arazorik ez duela izango uste du, baina zuhurtziaz jokatu nahi izan du, «gainerako alderdiekin hitz egin beharko» dutela erantzunez.
Herriko bigarren indarra EAJ izan da. Jeltzaleek 2007an baino 400 boto gehiago lortu dituzte (1.480 boto), baina Bildu koaliziok lortutako emaitzetatik urrun geratu dira. Hala eta guztiz ere, aurreko agintaldianbaino zinegotzi bat gehiago izango du. Horretaz gain, aurpegi berriek ordezkatuko dute alderdia Udalean. Azken agintaldian izandako ordezkaritatik inork ez du kargurik izango oraingoan. Maria Eugenia Arrizabalagaren ordez, Montse Arana izango da eraberritutako EAJren buru.
«Lortutako boto kopuruarekin pozik geratu gara, aurreko hauteskundeetatik igo egin baikara», adierazi du Aranak. Edonola ere, «harritu egin gaitu Bildu lortutako emaitzak. Dena dela, argi dago irabazi egin dutela, eta zoriondu egin behar ditugu. Azken finean, hori da gure herriko errealitatea». Beraien aldetik, «bihartik aurrera lan egiteko eta hitz egiteko prest» daudela adierazi du jeltzaleen alkategaiak.
PSE-EEk eta Aralar alderdiak eserleku bana lortu dute. Biek ala biek 2007an baino hautetsi bat gutxiago. Sozialistek, ia ehun boto gutxiagorekin, Emiliano Cabañas izango dute ordezkari Udalean. Aralarrek bi hautetsi izan ditu orain arte, baina EBrekin bat eginda. Oraingo honetan, ordea, bakarrik aurkeztu da, eta eserleku bakarra lortu du, Aitor Leizak beteko duena.
Hamaikabatek eta PPk, azkenik, ez dute ordezkaririk izango. Ondorioz, Udal Gobernua utzi eta bakarka aritu den H1! alderdikiko kide Pilar Etxabe Udaletik kanpo geratu da.